Osasun mentala, lehentasuna mundu mailan

OMEk honela definitzen du osasun mentala: «ongizate-estatua, non gizabanako bakoitzak bere potentziala garatzen duen, bizitzako tentsioei aurre egin diezaiekeen, modu produktiboan eta emankorrean lan egin dezakeen, eta bere komunitateari zerbait eman diezaiokeen».


2015ean, osasun mentala Garapen Jasangarrirako Helburuetan (GJH) sartu zen. Urtero mundu mailan diagnostikatzen diren osasun mentaleko tasa altuak murrizteko, egoera hori bultzatzen duten zirkunstantzia sozial eta ekonomikoei heldu behar diegu. Osasun mentalarekin lotutako arazoak mundu mailako politika guztien erdigunean kokatu beharko lirateke. Osasun mentalak 3. GJHarekin bakarrik duela harremana pentsatzeko arriskua dago, baina osasun mentalak GJH gehienak zipriztintzen ditu.

Garrantzitsua da azpimarratzea berariaz aipatu zirela osasun mentaleko, ongizateko eta substantzien abusuko helburuak osasunaren gaineko puntuan: 3. GJH (3.4 eta 3.5 helburuak). Gaixotasun mentalek, hala nola depresioak, nahasmendu bipolarrak, substan­tzien erabilerak eta adikzioek, eta bestelako nahasmendu mentalek, gutxienez lau pertsonatik bati eragiten diote, eta kasu gehienetan suizidioa izaten da emaitza. Suizidioa zuzenean lotuta dago osasun mentalarekin, eta, beraz, prebentziorako tresnekin herrialde guztiak hornitzeak milioika pertsona salba ditzake. 40 segundoan behin per­tsona batek bere buruaz beste egiten du. 800.000 pertsona urtean. Estatuek huts egiten diete pertsona horiei, funtsik ez dutelako; osasun mentaleko politikak eta praktikak prebenitzeko, hornitzeko eta behar bezala artatzeko neurririk ez dagoelako; eta estigma eta diskriminazioa direla-eta, per­tsonek ez dutelako laguntzarik bilatzen. Suizidioak prebenitzeko, estigma murrizteko eta tratamendua hobetzeko osasun mentaleko kanpainetan inbertitzeak lehentasuna izan behar du herrialde guztietan. Osasun mental oneko egoerak aukera emango die biztanleei beren potentziala gauza­tzeko, estresari aurre egiteko, modu produktibo eta emankorrean lan egiteko eta komunitateei laguntzeko. Osasun mental eskasak maila guztietan apaltzen ditu per­tsonak. Nola heldu behar diote herrialdeek osasun mentalari?