Korrika, aldarrikapenerako ekimena

Martxoaren 14an abiatuko da Korrika, Irundik, eta martxoaren 24an iritsiko da Baionara. Hamaika egun euskararen alde korrika. Ane Elordi Korrikaren koordinatzailea da, eta Tokikonerako elkarrizketan antolakuntzari eta ekimenari buruzko hainbat puntu azaldu ditu.


Hasteko, hasiera batean, AEK-ko kide guztion moduan, Korrika antolaketan parte hartzen dute; lehenengo, eskualde mailan, bakoitzari dagokionean. Gero, Anek 21. Korrikan furgoneta-taldeetako kide izateko eta Euskal Herri osoa Korrikarekin batera zeharkatzeko aukera izan du. 22. edizioan prentsa-taldeko kide izan zen. Beraz, badira Korrika bera bizitzeko hainbat modu.


Antolakuntzari dagokionez, Anek aipatu du berak ez duela lan guztia bakarrik prestatzen. Talde handi baten laguntza jaso­tzen du, eta egunerokotasunean taldean aritzen dira.


Korrika zerbait bada, Aneren ustez, emozio-jai bat da, baina “Ezin dugu ahaztu, eta oso presente eduki behar dugu aldarrikapenerako ekimena dela. Euskararen inguruan antolatzen den Euskal Herriko ekimenik erraldoiena da. Gizarte osoa mugiarazten du, eta muga bakarra hizkuntza bera da. Orduan, oso ekimen potentea da”, adierazi du Elordik.


Aurten, Harro herri lelopean egingo da Korrika; horrekin, azpimarratu nahi dute badela momentua euskaraz harro bizitzeko. Harro, baina ez konforme. Horregatik, aldarrikapena garrantzitsua da.