Galdakao eta Usansoloko gazte udalekuetan izena emateko epea, zabalik!

Galdakaoko eta Usansoloko 12 eta 16 urte bitarteko gazteek hiri udalekuetan parte hartu ahal izango dute uda honetan. Bere arduradunek nabarmendu dutenaren arabera, bertan aisialdiko hainbat jarduera egiteko aukera izango dute, hala nola ginkanak, sukaldaritza-tailerra, eskulanak, igerilekura eta hondartzara irteerak, ur-jokoak, jaiak…

Hiru txanda desberdinetan parte hartu ahal izango dute, ekainaren 26tik uztailaren 24ra, 10.30etik 13.30era edo 10.30etik 16.30era, egunaren arabera. Zehazki, hauek dira ekaina eta uztailerako eskainiko diren 3 txandak: ekainaren 26tik 28ra eta uztailaren 1etik 5era (8 egun); uztailaren 8tik 12ra (5 egun); eta uztailaren 15etik 19ra eta uztailaren 22tik 24ra (8 egun).

Euren hitzetan, gazte bakoitzak txanda batean, bitan edo hirutan eman ahal izango du izena, maiatzaren 10era arte. Guztira 120 plaza eskaintzen dira 4 topaguneetan egingo diren udalekuetarako (30 plaza bakoitzean): Aperribai, Indarra (Urreta) eta Plazakoetxe Galdakaon, batetik, eta bestetik, Usansolon. Dena den, izen emateak plaza kopurua gainditzen badu, zozketa egingo da maiatzaren 13an Torrezabal Kultur Etxean.

Kontuan izan behar da banakako inskripzioez gain, 2 edo 3 pertsonako taldeetan eman ahal izango dela izena, eta zozketetan talde horiek errespetatuko direla, gazteak beste lagun batzuekin joan daitezen errazteko, eta balizko zozketa batean baztertuta gera ez daitezen. Zozketaren emaitzak Udalaren webgunean eta Torrezabal Kultur Etxean ezagutu ahal izango dira maiatzaren 15etik aurrera.

Nola ordaindu

Lehen txandan edo hirugarrenean izena ematen duenak 45 euro ordainduko ditu; bigarren txandan izena ematen duenak, 30 euro. Txanda batean baino gehiagotan izena emanez gero, bakoitzaren batura ordainduko du. Prezio horiei hobariak aplikatu ahal izango zaizkie diru sarreren arabera. Ordainketa egiteko, Galdakaoko Udala onartutako pertsonekin harremanetan jarriko da kontu zenbaki bat emateko.

Izen ematea online bakarrik egingo da Udalaren webgunetik. Hala ere, zailtasunik izanez gero, hitzordua eskatu ahal izango da 944010528 telefonoan (Kultura eta Gazteria Saila), arloko langileek eskaera behar bezala egiteko laguntza eman diezaien.