Tabakoaren kontsumoa minimoetara jaitsi da Euskadin

Euskadik tabakorik gabeko bizitzaren alde borrokatzen jarraitzen du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Kerik gabeko Euskadi estrategiaren bidez. Estrategia horrek bi gida argitaratu ditu tabakoaren kalteei buruz kontzientziatzeko eta ohitura utzi nahi dutenei laguntzeko. Horietako bat publiko orokorrari zuzenduta dago, eta bigarrena haurdunaldirako da. Horrela, EAEk beste urrats bat eman du tabakoaren kontsumoak osasun publikoan eragiten duen arriskuaz sentsibilizatzeko borrokan.

Lan horiek dagoeneko fruituak ematen ari dira, 2010ean hasitako tabakoaren kontsumitzaileen ehunekoaren beheranzko joerari eutsi zaiolako, eta 2023an eguneroko kontsumoaren prebalentziarik txikiena lortu da serie historiko osoan ( % 19,7), Jaurlaritzak emandako datuen arabera.

Hala, nabarmentzekoa da tabakoa, cannabisa eta alkohola kontsumitzen duten pertsonen kopuruak behera egin duela EAE osoan, Adikzioei buruzko 2023ko Euskadiko Inkestaren datuen arabera. Inkesta horrek erakusten du kanabisaz bestelako legez kanpoko drogen kontsumoaren prebalentziak ere behera egin duela etengabe.

Inkesta finkatuenetako bat da, eta serie historikoa 13koa da 1992an lehendabizikoa egin zenetik. Hala, azken edizio honek erakusten duen balorazio nagusietako bat herritarren bizi-ohiturak hobetzeko joera eta aurrerapen nabarmena da, nahiz eta “oraindik asko dagoen egiteko”, Gotzone Sagarduy Osasun sailburuaren iritziz.

Hala eta guztiz ere, sentsibilizazio-jarduerak eta -kanpainak emaitzak ematen ari dira, eta, martxoa eta ekaina bitartean 14 urtetik gorako 2.500 pertsonari egindako galdeketaren datuen arabera, kontsumitzaileen beherakada nabarmenagoa da gazteenen artean (34 urtera arteko gizon eta emakumeak) eta, oro har, gizonen artean. 55 eta 75 urte bitarteko emakume erretzaileen artean izan da beherakada txikiena. Era berean, intentsitate handiagoko kontsumoek (egunean 10 zigarro baino gehiago) profil maskulinoagoa dute, baina egunean 5 unitate baino gehiagoko atalasea kontuan hartuz gero, sexuen arteko aldea estutu egiten da: emakumeen % 73 eta gizonen % 66 kontsumitzaileak dira.

Gainera, 10 pertsonatik ia 8k ez dute erre azken hilabetean (inkesta egin bitartean), eta erre zutenen erdiak ohitura uzten saiatu dira. Zigarreta elektronikoaren kontsumoa laukoiztu egin da 2017tik, 2023an % 5etik % 15era igaro baita.