Lasterketa buru zoaz, autorik onena duzula uste duzu, helmugatik metro gutxitara zaude, irabaztear… baina bat batean oskol gorri batek jo zaitu eta egoera irauli da. Zure aurkariek aurreratu egin zaituzte eta ia azkena geratu zara sailkapenean. Zelako estresa!
Berriki, BonusFinder-en bideojokorik estresagarrienen ikerketa bat argitaratu da eta Mario Kart izan da irabazlea. Hori bai, ikerketak isuri bat duela aipatu behar da, bideojokorik ezagunenak soilik hartu baititu kontuan.
Hori jakinik, Mario eta bere lagunen ostean, zerrendan ageri dira: Fifa Football, Call of Duty, Dark Souls eta Fortnite, ordena horretan. Urtez urte, salduenak izan diren bideojokoak dira, eta beraz, naturala da, jokatuenak direnez, estresagarrienak ere izatea, batez ere lehia moduan jolasten badira.
Mario Kart-ek lau jokalari elkarren aurka lehian jartzen ditu auto lasterketa batean. Autoen abiaduraz gain, beste aurkaria atzean uzteko hainbat “arma” ere badaude, eta beraz, aurrean doana, begi itxi-ireki batean azkena egon liteke. Etengabe aldatzen doan jokoa da. Familia jokoa da, lagunkoia, indarkeria espliziturik gabe, orduan zergatik da estresagarriena? Azken segundoetan galtzearen aukerak sortzen duen sentimenduagatik.
Fifa Football bideojokoaren kasuan, jokatzeko bi modu daude kolaboratiboa edo lehiakorra. Behatu denaren arabera erabiltzaileek nahiago izaten dute bigarren aukera. Modu horretan gertatzen diren jokaldiek eta azken orduko golek estresa sor lezakete.
Lehiakorragoak izan eta erronkak gainditzearen sentsazioa atsegin dute jokalariek oro har, eta adituen ustez, sentsazio honek pertsonek bizitza hobetu lezake, erronkak gainditu eta irabazteak zoriontasuna sortzen baitugu.