Kultura Ondarea Sariaren seigarren deialdia abiatu du Jaurlaritzak gazteen artean kultura ondarearen balioa zabaltzeko

Lehendakariak bere diploma ematen dio aurtengo garaile bati, Bingen Zupiria sailburuak aurrean dagoelarik.

UNAI GANDARIAS /2019-12-16/ Kultura Ondarea Saria ekimenaren seigarren deialdia egin eta arautzeko agindua onartu du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, euskal kultur ondarearen balioa gazteen artean zabaltzeko asmoz.

Sariaren helburua da ekimen, berrikuntza, ekintzailetza, sormen eta hezkuntza jardueraren garapen soziala sustatzea, euskal kultura ondarea ezagutu eta balioesteko, adierazpide orotan, materiala zein immateriala izan. Saria antolatzeko zuzendutako aurrekontua 30.000 eurokoa da.

Kultura Ondarea Sariaren 2020ko edizioa seigarrena izango da, eta bere xedeen artean daude euskal kultura ondareari buruzko ezagutza ikertu, berreskuratu eta eraikitzeko egiten den ahaleginaren aintzatespena eta kultura berritzailea sustatzea; euskal kultura ondarea ezagutzera ematea, euskal hezkuntza sistematik eta sistemarentzat; eta hezkuntzako ekimen berritzaileak abian jartzeko babesa ematea.

Halaber, euskal kultura ondareari lotutako ezagutza balioesteko eta eraikitzeko gazteriak betetzen duen zeregina aintzat hartzea, eta kultura eta hezkuntzako edukiak sortzeko gazteek tresna teknologikoak erabil ditzaten sustatzea bilatzen da.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek, Batxilergoko 1. mailakoek eta Erdi Mailako Heziketa ziklokoek parte hartu ahal dute lehiaketan. Parte hartzen duten taldeek 3 eta 10 minutu bitarteko bideoak sortu beharko dituzte: ikasleek kontakizun bat landu beharko dute gai espeziXko baten inguruan, eta horretarako ikus-entzunezko teknikak erabili, taldean lan eginez eta ondarearen gaineko ikuspegi berritzailea eskainiz.

2019ko edizioan ikastetxe hauetako ikasleek jaso dute saria: Getxoko Nuestra Señora de Europa, Markina-Xemeingo Lea Artibai eta Ondarroako Bigarren Hezkuntzako Institutua. Gainera, Ondarroako Institutuak aipamen berezia jaso du bideo gehien igorri dituen ikastetxea izan delako.