UNAI GANDARIAS /2019-12-16/ Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak ‘Batera’ diru laguntzaren bigarren deialdia egin du eta hiriko gazteek kultur proiektuak aurkezteko aukera izango dute. Antolatzaileek Finantzaketa kolektiboko egitasmo bat abiatzen lagundu eta 2.000na euroko ekarpena egingo diete deialdian aukeratutako hiru proiektuei. Proposamenak aurkezteko epea urtarrilaren 7ra bitarte dago zabalik.
‘Batera’ deialdiak Laboral Kutxaren eta Vital Fundazioaren babesa izango du, eta, egin duten ekarpenari esker, egitasmoak garatzeko aurrekontua bikoiztu egin da edizio honetan (guztira 6.000 euro), Oihaneder Euskararen Etxetik jakinarazi dutenez.
16 eta 35 urte bitarteko gasteiztarrei zuzenduta dago ‘Batera’ deialdia, eta gazteen proiektu kulturalei bultzada ematea du xede, Internet bidez eta parte hartzea sustatuz. Edozein ideiak balio du, euskaraz garatzekoa bada, eta kulturarekin zerikusia badu: liburu edo diska bat argitaratu, ekitaldi bat antolatu, app bat sortu, bideo jolas bat garatu edo antzezlan bat sustatu. Aurkezten den proiektu bakoitzak gutxienez 3.000 euroko aurrekontua izan beharko du.
Jasotako proposamenen artean, epaimahaiak hiru proiektu aukeratu eta urtarrilaren 13an jakinaraziko ditu, eta gazte horiei lagunduko diete Finantzaketa kolektiboko egitasmo bat eta bere komunikazioa antolatzen. Finantzaketa kolektiboko egitasmoa martxan izanik, Oihanederrek 2.000na euroko ekarpena egingo die hiru proposamen irabazleei. Proiektuak garatzeko hiru hilabete emango zaie irabazleei: apirila, maiatza eta ekaina.