EAEko gazteen hiru kezka nagusiak ekonomia, enpleguaren kalitate txarra eta ustelkeria dira

Zalantzarik gabe, gazteak kezkatuta daude inguruan duten munduarekin, eta horrela geratu da islatuta Gurea Geroa proiektuaren barruan euskal gazteek egindako makro-inkestan. Bertan, etxebizitzaren etorkizuna, aldaketa soziala, lana eta halako gaiei modu argi eta zehatzean erantzun diete.
Txosten horretan, 18 eta 35 urte arteko 4.500 euskal gaztek parte hartu dute. Horren arabera, euskal gazte gehienen hiru kezka nagusiak arazo ekonomikoekin (% 48), enpleguaren kalitate txarrarekin (% 31), eta ustelkeriarekin eta iruzurrarekin (% 27) lotuta daude. Kudeaketa publikoari eta osasunari dagokienez, inkestatuen % 27 eta % 25, hurrenez hurren, kezkatuta daude eremu horietako kudeaketa txarragatik. Etxebizi­tzaren gaiari dagokionez, inkestatuen % 23k onartu dute nolabaiteko kezka dutela, eta, ildo horretan, inkestatuen erdiek baino gehiagok (% 56) adierazi du ados dagoela Etxebizitzaren Lege berriak alokairuen prezioa arau­tzearekin. Era berean, gazte horietako 10etik 8k etorkizunean jabetzako etxe batean bizi ahal izatea espero dute.
Txostenak gaur egun gazteek erlazionatzeko dituzten moduei buruzko atal bat ere badauka. Ildo horretan, gertaera kezkagarri bat nabarmentzen da; izan ere, haien erantzunetatik ondorioztatzen denez, galdetutako gazteen % 40 inoiz gehiago integratu da sare sozialetan, kalean edo etxean baino. Alde horretatik, datu kezkagarri bat da % 14k hori maiz gertatzen zaiola ziurtatzen duela.
Gobernatzen gaituzten politikari eta ordezkari politikoei dagokienez, inkesta honetan parte hartu dutenen erdiek baino gehiagok, % 62k, uste dute gure demokraziaren kalitatea “txarra” dela. % 64 Europar Batasunaren alde daude, baina erreformak behar direla uste dute, % 10 baino ez dago erabat ados EBren egungo diseinuarekin. Era berean, % 8 Europar Batasunaren aurka dago, oro har.
Lana faktore erabakigarria eta garrantzi handikoa da biztanleriaren sektore horretan. Alde horretatik, gazteen ia erdiek (% 48) nahiago dute lan-modalitate hibridoa; % 42k, aldiz, aurrez aurrekoa nahiago du, eta gainerako % 10ek telelana nahiago du. Era berean, gazteen erdiak baino gehiagok (% 58) adierazi du lan bat uzteko prest dagoela, enpresak ez baditu sustatzen beretzat egokiak diren balioak.
Larrialdi klimatikoa
Jakina da mundu mailako gazteak oso kontzien­tziatuta daudela klima-aldaketarekin eta ingurumena errespetatzen duten kontsumo- eta bizi-ohiturekin. Hori dela eta, txosten honetan, bi alderdiekin lotutako kezka hori jaso da.
Ildo horretan, lortutako emaitzek erakusten dute inkestatuen % 2k soilik uste duela ez dagoela krisi klimatikorik, eta % 1ek, berriz, “zerbait naturala” dela, ziklikoa eta gizakiaren ekintzarekin zerikusirik ez duena. Aitzitik, % 29k dio neurri batean gizakiak eragindakoa dela, eta, beste % 38k, berriz, gizakiak eragindakoa dela.
Norbere etorkizunari dagokionez, oro har, “nola egingo diozu aurre etorkizunari?” galderari dagokionez, kezkatzeko moduko datu bat da gazteen erdiak baino gehiagok (% 53) ezkor jokatzen duela, % 28 baikor dagoela, % 10ek axolagabekeriaz egiten diola aurre eta % 9k ez duela planteatu ere egiten.
Euskal gazteek, epe labur eta ertainera begira dituzten zailtasun eta erronka horiei guztiei aurre egiteko, beste gai batzuk proposatzen dituzte: “bizitzeko moduko mundu bat izatea ziurtatzea”. Agerikoa dirudien arren, egungo egoera eta planetako ekosistemak suntsitzen ari diren azkartasuna ikusita, lehentasunezko erreklamazioetako bat da. Gainera, politika publikoek “herritar guztien beharrak islatzeko” eskatu dute, baita “indibidualismoa alde batera uztea” eta “planeta kaltetzen duten produktuen kontsumoa murriztea edo debekatzea, eta ekologikoagoak diren beste batzuekin ordezkatzea” ere.