Bilboko gazteentzat erreferentziazko gune izan nahi duen zentro soziokulturak berria inauguratu du alkateak, basurtun

560 m2 baino gehiago dira, Sabino Arana 50eko eraikinean.

12-30 urteko gazteengan jartzen du fokua, “gazteria-politiken alorreko berrikuntza sozialeko proiektu integral batekin, hiru eremu estrategikotan: emantzipazioa, aisialdi hezitzailea eta parte-hartzea”.

Udalaren helburua da bizitza-ziklo desberdinen beharrizanei erantzutea, ekimen berritzaileen bitartez. Ekimen horiek «KONEKTA» izeneko programan biltzen dira, eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan garatuko dira.

Zentroan bestelako zerbitzu soziokulturalak ere egongo dira: mediateka, ikasketa-gela eta erabilera anitzeko gunea. Horrez gain, ZINEBIren eta MUSIKA-MÚSICAren udal lantaldeak ere han egongo dira, eta Udalarekin lankidetzan diharduten bi entitate ere bai: Bilbao MendiFilm eta Bilbao International Art & Fashion.

Gaur eta bihar, espazioa dinamizatzeko eta herritarrei ezagutarazteko jarduerak egongo dira.

Basurtu auzoan berritutako «La Perrera» eraikina bisitatu dute, gaur goizean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Itxaso Erroteta Gazteria eta Kiroleko zinegotziarekin, eta Udalbatzeko beste kide batzuekin batera.

Azpiegitura berriak ateak zabaldu dizkie herritarrei, «Bilboko gazteentzat erreferentziazko espazio eta ekipamendu bihurtzeko, eta uriari beste zerbitzu soziokultural batzuk eskaintzeko helburuarekin», alkateak esan duenez.

Aburtok nabarmendu du Bilboko Udala «gazteria-politiken alorreko berrikuntza sozialeko proiektu integral» batean murgilduta dagoela, «Europaren abangoardian kokatzen dena hiru eremu estrategikotan: emantzipazioa, aisialdi hezitzailea eta parte-hartzea».

«Gune hau 12-30 urteko gazteei zuzendu nahi diegu, bizitza-ziklo desberdinetako beren beharrizanei erantzuteko», gaineratu du Bilboko alkateak.

Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan garatuko den «KONEKTA» programan biltzen dira gazteei zuzendutako zerbitzu guztiak. Zentzu horretan, azpimarratu behar da erakunde biak elkarrekin lanean ari direla jada, joan den martxoan onetsitako Gazteriaren Euskal Legeak ezarritako helburuak bete eta garatzeko.

«KONEKTA» programaren ekimenak Bilboko gazteriarekin konektatzeko elementu gisa planteatzen dira, gazteak bihurtuz beren interesekoa izan daiteken udal ekintza ororen ardatz. Informazioa eta orientabidea emateaz gain, aukera berritzaileak sustatu eta ahalbidetuko dira, gazteek ekintzailetza, talentua, sormena, ekimena, parte-hartzea, konpromiso soziala, pentsamendu kritikoa, ahalduntze pertsonala edo talde-lana bezalako trebetasunak eta gaitasunak garatzeko aukera izan dezaten.

«KONEKTA» programak, berez, Bilboko gazteekin batera diseinatutako Bilbao Hiri Gaztea Gazteriaren Udal Planean jasotako beharrizanei erantzuten die.

Horrez gain, berritutako espazioan herritar guztientzako beste zerbitzu soziokultural batzuk daudemediateka, ikasketa-gela, bilera-gela edo erabilera anitzeko gunea, esaterako. Zentzu horretan, Bilboko alkateak adierazi duenez, eraikina «bizirik egongo da berriro, berezko izaerarekin; Basurtuko auzoa dinamizatuko du, eta Bilbo osoko gazteentzako eta, oro har, herritarrentzako erreferentziazko gune bihurtuko da, teknologi berriekin, kulturarekin, artearekin, sormenarekin edo diseinuarekin, besteak beste, lotutako jardueren bitartez».

560 m2 BAINO GEHIAGO:

? ERDISOTOA: berrikuntzarako gunea

Sotoak berrikuntza-jardueretarako 225 m2 ditu. Gazteentzako zerbitzuetako bi daude bertan: Maker Gunea eta Gaztegunea.

Espazioaren diseinua STEAM gaitasunetan oinarritutako hezkuntza-ekimen baten emaitza da, non Udala lankidetzan aritu baita Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Ingeniaritza fakultateekin. Basurtu Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek eta Unamuno Institutuko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek ere parte hartu dute prozesu horretan.

Denen artean, artelan bat diseinatu dute, hormetan eta zutabeetan irudikatuta geratu den ikono bat: kolorez eta lerroz osatutakoa, zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak islatu nahi dituena.

Helburua da oinarrizko gaitasunak sustatzea, gazteak modu arduratsuan ahaldunduz; eta zientziak eta arteak bat egin dezatela, sortzeko, ikertzeko eta esploratzeko.

Maker GuneaGazteek ideiak eta proiektu teknologikoak partekatzeko, elkar ezagutu eta osatzeko, eta sinergietan, talde-lanean eta lankidetzan oinarritutako proiektuak bultzatzeko espazio berritzailea izan nahi du.

Udalak berritzailea izan nahi du, nerabeen eta gazteen aisialdi-jardueren eskaintzari dagokionez: gazteak proiektuak sortzeko ahaldundu nahi ditu, eta gazte-talentua ikusarazten lagundu. Era berean, Udalak berrikuntza bultzatu nahi du hezkuntza ez-formalaren eremuan, eta aisialdi hezitzaile eta inklusiboa sustatu 12-25 urteko gazteen artean.

Gazte eta nerabeek, aisialdian, teknologia emergenteekin eta zientziarekin jarduteko berrikuntza-programa bat da. Horretarako, teknologia jarriko da denen esku: ikertzeko, saiakuntzak egiteko eta sorkuntzarako eremu bat egongo da, 3D inprimagailuekin, fresatzeko makinekin, laser-ebakigailuekin, ordenagailuekin, proiektoreekin, erreproduzigailuekin eta abarrekin.

Horrela, Maker Gunean eduki zientifiko eta teknologikoko ekipamendu eta programa bat dago, hezkuntza ez-formaletik STEAM Euskadi estrategia bultzatzeko, nerabe eta gazteen prestakuntzan eta bokazio teknologikoen sustapenean lagunduz, genero- eta sozioekonomia-arrakalak gainditzearen ikuspegitik. Ekipamendu horrek STEAM ekimenak bultzatuko ditu gainerako barrutietara, gaztegune-sarearen bidez, eta, horrela, nerabeen aisialdirako udal-eskaintzaren eredua berrituko da.

Maker Gunean dinamizatzaile kultural eta teknodigitalak egongo dira, eta zenbait jarduera programatuko dira: produkzio- eta prestakuntza-tailerrak, mintegiak eta eztabaidak, lantaldeen bilerak, erakusketak, hitzaldiak, antzezpenak, maker farie direlakoak eta abar. Proposamenak aurkezteko eta proiektuak elkarlanean garatzeko deialdi irekiak ere egongo dira.

Era berean, nesken artean bokazio teknologikoak sustatzeko ekintza espezifikoak aurreikusten ditu programak, gaur egun, oraindik ere, lanbide zientifiko eta teknologikoetan dagoen genero-arrakala txikitzeko helburua dutenak.

Zerbitzua doakoa eta sarbide libre eta unibertsalekoa izango da, baina baliteke tailer batzuk tarifa truke izatea.

Gaztegunea: Gaztegune berriari esker (uriko bederatzigarrena da), Udalak Basurtuko auzoan ere emango du zerbitzu hori.

Gazteguneak gazteen topaguneak dira12-17 urte bitarteko neska-mutilentzat. Sozializatzeaz gain, ondo pasatzen dute, «Gaztekluba» aisialdi hezitzaile programako ekimenekin: kirol- eta arte-jarduerak, tailerrak, irteerak…

Gazteguneak bere sarrera dauka, eraikineko beste eremuetatik independentea.

BEHEKO SOLAIRUA: informazioa, Mediateka eta KZgunea

Erabiltzaileei argibideak emateko lehenengo puntuaz gain (harrera), honako hauek egongo dira, eraikinera sartzeko solairuan:

  • Gazteentzako informazio-bulegoa KonektaBilboko gazteria eta Udala lotuko dituen zubia izango da. Arreta eta orientabidea emateko zerbitzua da, helburu duena, batetik, gazteei informaziorako sarbidea eta baliabideak, programak eta zerbitzuak erabiltzeko aukera ematea —bereziki, udal eremukoak—, eta, bestetik, haien eskaera eta ekimenei erantzutea.
  • Gazteei emantzipatzen, mugikortasunerako eta itzultzen laguntzeko zerbitzua. Emantzipaziorako Euskal Sarearen barruko zerbitzu bat da. Argibideak, orientabidea, bitartekaritza, aholkularitza eta laguntza integral, jarraitu eta pertsonalizatua eskainiko du, gazteen emantzipazio eta mugikortasunari buruz, itzulera barne. Aurreikusten da zerbitzua martxotik aurrera egotea martxan, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Aholkularitza eta laguntza emango dute emanzipazio ibilbidean, hainbat alorretan: prestakuntza, autonomia pertsonalerako gaitasunak, mugikortasuna, boluntariotza, enplegua eta ekintzailetza, etxebizitza eta emantzipazioa, eta itzulera, besteak beste.
  • Liburutegia/Mediateka: eraikinak liburutegi/mediateka bat izango du. Liburutegien Udal Sarean egongo da, eta haurrentzako gunea ere izango du. Liburutegiak, bestalde, zerbitzu hauek eskainiko ditu: hemeroteka, liburu-mailegua, Internet bidezko mailegu-berritzea, informazioa eta orientabidea, Interneterako sarbidea eta kopiagintza.
  • Coworking gunea. 14 lagun ingururentzako hornitutako eremua, non gazteek beren ekimenak garatu ahal izango dituzten, «KONEKTA IDEIAK» programaren barruan. Horrez gain, Udalak abiaraziko dituen deialdietarako hautatutako proiektuei zuzendaritza teknikoa, erakundeen babesa eta laguntza ekonomikoa emango zaie.
  • KZgunea Basurtuko KZgunea lekuz aldatuko da: Basurtuko Udaltegitik La Perrerara joango da, eta, kokapen berrian, kontsulta librerako gune bat, eta tailerrak eta prestakuntza-ikastaroak emateko gela bat ere izango ditu. KZguneak informazio- eta komunikazio-teknologia (IKT) berrietan trebatzeko zentroak dira, eta Eusko Jaurlaritzaren sare publikoaren barruan daude.
  • Gazteen saila. Haur eta gazteentzako programetan lan egiten duten udal langileak instalazio berrietara joan dir, gazteei zuzendutako udal zerbitzuak irekitzeko.

Adierazitako guztiaz gain, beheko solairuan biltegi bat ere badago.

?LEHENENGO SOLAIRUA: jarduera soziokulturalak

  • Ikasketa-gela. Abenduaren 19tik aurrera, sarbide libreko gune berri bat izango dute ikasleek, 40 lagunentzako tokiarekin. Zabalik egongo da astelehenetik zapatura, 09:00etatik 20:30era. Azterketa-garaian, ikasketa-gela domeketan ere egongo da zabalik, 09:00etatik 13:30era, eta 16:00etatik 19:30era. Beharrezkoa izanez gero, eta puntualki, ikasteko leku gehiago egokitu daitezke.
  • Erabilera anitzeko gunea. 374 m2 izango ditu, eta Udalak zein beste erakunde batzuek sustatutako jardueretarako erabiliko da: hitzaldiak, topaketak, erakusketak, foroak, antzezpenak, maker faireak eta abar. Itxitura akustikoak ditu, gunea banatu eta hobeto aprobetxatzeko; eta ikus-entzunezko ekipamendua ere jarriko da, jarduerak garatzeko.
  • Bilbao MendiFilm. Kultura-elkarte horren xedea da mendiaren kultura sustatzea eta horren zabalkundea egitea, eta mendizaletasunaren berezko balioak nabarmentzea, zine eta dokumentalen ekoizpenaren bitartez. Bilboko Udala eta beste erakunde batzuk Bilbao MendiFilmekin lankidetzan aritzen dira, «BBK MendiFilm Bilbao Bizkaia» antolatzen. Ekimena Zabalgune plazako azokatik La Perrerara eramateak ahalbidetuko du zinemaren eta ikus-entzunezkoen eremuko beste proiektu batzuekin lankidetzan aritzea; bai proiektu partekatuekin, bai «KONEKTA» programatik sustatutako proiektuekin.
  • BIAAF. Bilbao International Art & Fashion irabazi-asmorik gabeko euskal elkarte bat da. Moda-diseinatzaile gazteen nazioarteko sustapena egiten du, arte- eta kultura-munduan eta sormen-sektoreei lotutako profesionalizazio-dinamiketan sar daitezen.Bilboko Udalak entitateari laguntzen dio 18-35 urte bitarteko gazteentzako BIAAF modako nazioarteko lehiaketa antolatzen. Entitatea eraikinean egoteak ahalbidetuko du «KONEKTA» programarekin lankidetza-sinergiak sortzea, Maker Guneak sustatutako jardueren bitartez.
  • Eraikina berriro zabaltzeak aukera eman du Musika-Música eta ZINEBIko ardura duten udal taldeak ere azpiegitura horretan kokatzeko.

Eraikinaren ordutegia astelehenetik larunbatera 8:30etik 21:00etara da.

GAUR ARRATSALDEAN ETA BIHAR, ATEAK ZABALIK

Herritarrei eskainiko diren zerbitzuak erakusteko, bisita gidatu irekiak antolatu dira, bariku arratsaldean eta zapatuan. Hurbiltzen direnek aukera izango dute Bilboko eraikin berrituaren gune eta zerbitzuak ezagutzeko. Era berean, Udalak asmoa du bisita gidatuak antolatzeko beren jarduna dela-eta azpiegitura berrian interesa izan dezaketen entitateentzat.

Gainera, eraikinaren sarreran hiru ukipen-pantaila jarri dira, jarduerei buruzko informazio osoa kontsultatu ahal izateko modu erraz, eroso eta irisgarrian.

Musika izango da herritarrak azpiegitura berrira erakartzeko beste bide bat. Bariku arratsaldean bertan, eta zapatuan, egun osoan zehar, zenbait DJ egongo dira, gunea girotzen. Azkenik, bai bariku arratsaldean, bai zapatuan, 18:00etatik aurrera, eraikinaren kanpoaldea argiztatuta egongo da.

Zapatu arratsalderako, 17:30etik 21:00etara bitartean, zenbait jarduera antolatu dira: FIFA23 eta Clash Royale txapelketa, 3D inpresio-tailerrak, robotika- eta drone-tailerrak eta maker txoko bat.

Eskaintza Bilboko gazteengana iritsi dadin, Udalak kanpaina bat abiarazi du. Zabalkundea datozen asteotan egingo da, udal euskarrien bitartez, kanpoaldeetan, Bilbobusen markesina eta autobusetan, Metroko euskarrietan eta BilbaoGazteren sare sozialetan, besteak beste.

«LA PERRERA»

Auzotarrek azpiegitura berriari «La Perrera» izena ematea erabaki dute, 1920ko hamarkadan inauguratu zutenetik han izandako erabileretako baten omenez.

Eraikina Adolfo Gil Lezamaren eta Pedro Ispizua Susunagaren lana da. Hasieran Materia Arriskutsu eta Sukoien Udal Biltegia izan zen, eta, gero, Udal Txakurtegia. Azken urteetan, udal tailer eta biltegi moduan erabili zuten.

Eraikina berritzeko lanen aurrekontua 2,7 milioi euro izan zen, gutxi gorabehera.Iturria: bilbao.eus

  • GAIAIkusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak, Bideo-jokoak, Diseinua