Miren Narbaiza 36 urteko abeslari eibartarra da. MICE ezizenarekin bakarlari moduan ari da, gero eta arreta handiagoa erakarriz. Alabaina, Mirenen ibilbide musikala ez da atzoko kontua: Perlak, Drumkopters eta Dual Split taldeetan ere ibilia da. 2005ean Ander Mujikarekin elkartu, eta Napoka Iria taldea sortu zuten; hiru disko atera zituzten. 2017an, taldea desegin, eta MICE proiektu berriarekin hasi zen, eta urte berean bere lehen diskoa plazaratu zuen, MICE izena zuena. Lau kantuz osatuta, Zilar printzak EPak 2019an ikusi zuen argia, eta aurtengo urriaren 1ean, Lautada izeneko diskoa aurkeztu du, bizileku duen inguruari keinu eginez, Forbidden Colours diskoetxeak ekoitzia.
Zer harrera izaten ari da Lautadaren agerpena?
Harrera oso ona izaten ari da. Diskoa gure eskuetan izateko irrikan geunden, aspaldi amaitu genuelako dena, baina grabazioak amaitu genituenetik diskoa kalean dagoen arte denbora dezente igaro da. Dena dela, oso pozik gaude. Jendeak entzun dezala nahi dugu, eta bere iritzia eman diezagula. Diskoak, amaitzen ari ginen heinean, gero eta bibrazio hobeak ematen zizkigun, eta oso pozik nago lan honekin.
Zer da Gakobeltz eta nola lagundu dizue diskoa egiteko prozesuan?
Joseba Baleztenak eta biok urte dezente eman genituen lokalak partekatzen, baina leku bat behar genuen, espazio bat, baliabide minimo batzuekin, duintasunez lan egiteko aukera emango ziguna. Beraz, Gakobeltz Hit Faktoria sortu genuen, gure kantuak eta gure inguruko musikarienak ekoizteko tailerra. Grabaketa espazioa izan da disko honetako giltzarririk garrantzitsuena, eta asko lagundu digu. Denbora eta espazioa izan dugu gustuko disko bat egiteko. Egia da diskoa sortzeko prozesua duela bi urte hasi zela, baina denbora gehiago behar izan genuen grabatzen hasteko. Hasi ginenerako Gakobeltz muntatuta geneukan, eta horrek aukera eman digu kantuak asko lantzeko.
Zortzi abesti dira, bakoitzak mundu bat dirudi, unibertso bat, baina zortziak album berean daude.
Abestiak desberdinak izatea gustatzen zaigu, baina koherentzia mantenduz. Abesti bakoitzak bere nortasun sonikoa du, eta egin genituen maketek oso sonoritate ona zuten. Denbora dezente eman genuen bakoitzari kolore bat ematen, eskemak ez errepikatzen. Abesti batzuk besteengandik urrundu nahi genituen, baina gehiegi urrundu gabe. Tira, ez genuen nahi diskoa entzuten zuenak pentsa zezan zortzi talde ezberdinen bilduma disko bat dela. Eta uste dugu oso ona izan dela.
“Joseba Baleztenak izan du ekoizpenaren ardura. Ibai Gogortza ere oso laguntzaile garrantzitsua izan da guretzat”
Lautada Arabako Lautadari egindako keinua da. Nolako eragina izan du paisaiak?
Diskoa, neurri handi batean, lur honen, paisaia honen emaitza da. Izan ere, hemen jaio da. Autore orori eragiten dio bere inguruak, eta gure kasua ez da desberdina. Espazioari, ostertzari, lautadari esker, urrutira begiratzen dut, eta errazago azaleratzen diren nire pentsamenduak hurbilago sentitzen ditut. Eta argiago ikusi ahal izan dut zer kontatu nahi nuen. Batzuetan, aspaldidanik neramatzan pentsamenduak ziren; beste batzuetan, emozioak, gogoeta hutsak…
Zuzenekoak aldatu al du zure konposatzeko modua?
Tempo azkarragoak imajinatzeko gogoa nuen, zerbait zuzenagoa, gordinagoa egin behar nuela sentitzen nuen, baina introspekzioaren aura hori erabat galdu gabe. Baina bai, letrak oso zuzenak dira, idaztera ohituta nagoenetik zertxobait ezberdinak. Zuzeneko batzuk generamatzan, eta nik gitarra alde batera utzi, eta, batez ere, abesteari ekiten nion. Eszenatokian beste era batera egon zitekeela jakin genuen. Nekatzen ari ginen zerrenda ikusgarrienetan jeneral bihurtzen hasia zen ahulezia moduko horrekin. Eta horrekin hausteko gogoa genuen.
Ikus-entzunezkoa asko zaindu duzuen atala izan da, Hannot Mintegiaren eskutik…
Bai, egia da hori. Gaur egun, dena begietatik sartzen da, eta oso gauza bisuala egin nahi genuen. Argi neukan ez nintzela aktorearen paperean sartuko, ez nintzela baso batean sartuko istorioak kontatzen. Beraz, Hannotek estudioan grabatu gaitu, jendeak taldea ikus dezan, nola jotzen dugun ikusiz eta entzunez.
Bi lagunen laguntza izan zenuen letrak erabakitzeko.
Duela bi urte hasi nintzen zirriborroekin, eta egiturak eta letrak nolakoak izango ziren banuen buruan. Lagun batekin harremanetan jarri nintzen, Danele Sarriugarterekin, eta hark bere iritzia eman zidan. Asko gustatu zitzaizkion. Eta gero Anari Alberdirekin. Askoz lasaiago geratu nintzen, miresten ditudan pertsonek oniritzia eman baitzieten. Hortik aurrera, hobeto moldatzen zara.
Pare bat kolaboratzaile aipatu ditugu. Nork gehiagok hartu du parte disko honetan?
Joseba Baleztenak izan du ekoizpenaren ardura, baita grabazioarena eta nahasketarena ere. Ibai Gogortza ere alboan izan dugu, eta oso laguntzaile garrantzitsua izan da guretzat; hirugarren ikuspuntu bat izateak asko laguntzen du, batez ere trabatuta geratzen garen uneetan. Hiruron artean diskoaren oinarriak jarri ditugula esan genezake. Eta proiektua abian zegoenean, musikari bikainak gonbidatu ditugu: Iñigo Telletxea, Ilargi Agirre, Julen Postigo, Mikel Santxez, Felix Buff, Mikel Txopeitia, Iñaki Urbizu “Pela”, Jon Basaguren eta Libe García de Cortazar.