Donibane Lohizune, kortsarioen lurralde bat Iparraldeko kostaldean

Donibane Lohizune Akitania Berria eskualdean dagoen komuna frantziar bat da. Kantauri itsasoaren ertzean dagoen badia lasai honetan, harea fineko hondartza handi bat eta inguruko itsas pasealekua ditugu.
Alde zaharra zurezko armazoiekin eraikitako eta fatxada koloretsuko euskal estiloko etxe ederrez osatuta dago. Eraikin asko XVII. mendekoak dira, Frantziako arrantza-portu garrantzitsuenetako bat zen garaikoak. Hondartzaren parean lerrokatutako etxe horiek Donibane Lohizuneko sinbolorik enblematikoena dira, ziurrenik.
Donibane Lohizuneko gunerik erakargarriena, zalantzarik gabe, bertako hondartza ederra da, Grande plage izenez ezagutzen dena. Hiru dike erraldoik babesten duten ilargi erdi formako hondartza polita da, atseden hartzeko eta ibilaldi luzeak egiteko leku ezin hobea da. Hondartza inguratzen duen pasealeku eder bat dago, non hiri honetako eraikinik esanguratsuenetako bi dauden, alde batetik Hotel Handia, Grand Hôtel, 1909ko eraikin dotorea, estilo neorromantikoan eraikia eta gaur egun bost izarreko hotel bat har­tzen duena, garai hartako Belle Époqueko atmosferari eutsiz. Handik ez oso urrun, hondartzaren lehen lerroan, La Pergola kasinoa dago, art decó estiloan eraikia eta fatxada nagusia itsasontzi baten branka moduko bat duena.

Rue Gambetta
Donibane Lohizuneko oinezkoen kale nagusia da. Bertan, denda asko daude, gehienak boutiqueak, era askotako merkatuak eta dendak. Denda askok linge Basque delakoa saltzen dute: Euskadiko ohiko marrekin estanpatutako koloredun ehunak.
Kale horretan dago herriko bi­txietako bat, San Joan Bataiatzailearen eliza, Église Saint-Jean-Baptiste, XV. eta XVII. mendeen artean eraikia. Kanpoalde soilak nabe bakarreko barnealdea gordetzen du, non XVII. mendeko aldare barroko monumentala nabarmentzen den. Elizaren barrualdean, egurrezko galeriez osatutako hiru solairu daude, eraikinaren alboko eta atzeko hormetan zehar zabal­tzen direnak, erretaula nagusiaz eta organoaz altueratik gozatzeko.
Rue Gambettaren mendebaldeko muturrean Luis XIV.a plaza dago, Place Louis XIV, eta bertan daude kale honetako bi eraikin garrantzitsuenak: Mairie, udaletxea, eta Maison Luis XIV, Louis XIV.a Etxea.
Donibane Lohizuneko Les Halles merkatua oso ezaguna da eskualdean. Arraina, zaldi-haragia, barazkiak, okindegiko produktuak eta askoz gehiago saltzen dituzten postuei esker, eskualde honetako jaki-mota guztiak ezagutzeko leku aproposa da.
Gastronomia
Ttoroa Iparraldeko plater tipikoa da, barazkiekin, arrainarekin eta itsaskiarekin egindako zopa. Beste plater tipiko bat cassulette da, babarrunekin eta ahate-izterrarekin egindako gisatua. Inguru honetan oso ohikoak dira hestebeteak, pateak eta ardi-gazta ere. Amuarrain ketua, barbarina, legatza eta halako arrainak ere bai. Postre tipikoenen artean bi dira izarrak: macarons ospetsuak, eta Itsasuko gerezi marmelada edo kremadun gâteau basque delakoa.