Portugaleteko Nazioarteko Zortzikote Jaialdiaren 23. edizioa Santa Klara kulturgunean egingo da azaroaren 23tik 27ra bitartean. Aurtengo nobedadeen artean, Kantautxote inaugurazio kontzertua nabarmentzen da, kantautore bat eta otxote bat elkartuko dituena. Oraingo honetan, Bilboko Lur Maitea Otxotearen eta Joseba Gotzonen arteko loturaren ondorio da bat-egite hori, eta asteazkenean, hilak 23, inauguratuko dute jaialdia.
Ostegunean, hilak 24, Baionako Errobi Kanta taldeak kontzertua eskainiko du, batez ere euskal kantu herrikoiz osatua. Hurrengo egunean, ostiralean, hilaren 25ean, Langreotik Langreano ahots baxuak itzuliko dira, jada beste bi ediziotan parte hartu dutenak. Larunbatean, hilak 26, Nigeriako Ediendo zortzikoteak lehen aldiz parte hartuko du. Ahots baxu eta mistoz osatutako talde honek itxiko du 23. edizio honetako kontzertu-zikloa, gehienbat Nigeriako folklorean eta, zehazkiago, Edo estatuan oinarritutako errepertorioaren bidez.
Eta 23. edizio honi amaiera emateko, Portugaleteko alde zaharrean egingo den ohiko kalejirak honako hauek izango ditu protagonista: Bilbo Argia otxotea, lau hamarkada daramatzatenak musikan, eta La Pozona, Reinosako erronda. Bi taldeek giro herrikoia bermatuko dute herriko kaleetan zehar. Gainera, 2022ko edizio honetan, otxotismo ofizialaren 90. urteurrena beteko da, baita Portugaleteko DANOK-BAT otxotearen urteurrena ere.

