“Gaztemundu” programa berreskuratu du Jaurlaritzak

‘Gaztemundu’ programaren 2022ko ediziorako deialdia hasi da. Munduko euskal etxeetako kideak Euskadi bisitatzeko aukera izango dute programa horri esker, abenduaren 4tik (iristeko eguna) 2022ko abenduaren 20ra (irtetzeko eguna).

Programan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek izena eman dezakete, baldin eta euskal etxeetako bazkideak badira eta aurretik Gaztemundun parte hartu ez badute. Aurtengo edizioaren gaia gaur egungo Euskadiren ikuspegi bat eskaintzea da, bere bilakaera historikoarekin eta tradizio kulturalarekin lotuz. Hori lortzeko, toki esanguratsuak bisitatuko dira eta prestakuntza-jarduerak egin.

Parte hartu nahi dutenek, gehienez 3 minutuko bideo bat bidali beharko dute honakoa azalduz: euskal diasporari buruz duten ikuspegia, zer egingo luketen Euskal Diaspora hobeto egituratzeko, eta zergatik izango lirateke hautagai perfektuak Gaztemundu 2022rako.

Eskaerak (bideoa + eskatutako dokumentazioa) aurkezteko epea irailaren 12an amaituko da, 00:00etan (Euskadiko ordua), eta helbide elektroniko honetara bidali beharko da: euskaletxeak@euskadi.eus.