Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, 2022-2023 ikasturtean, 2 milioi euro bideratuko ditu itunpeko ikastetxeetan hizkuntza indartzeko programetarako. Programak hizkuntza indartzeko plan bat behar duten ikasleei zuzenduta daude, bereziki gure hezkuntza-sistemara iritsi berriak izan eta Euskadiko hizkuntza ofizialak ez ezagutzeagatik komunikazio-zailtasun handiak dituztenei. Dirulaguntzak hizkuntza indartzeko irakaslea kontratatzeko edo metodologia berritzaileak ezartzeko behar diren baliabide bibliografikoak eta didaktikoak eskuratzeko erabiliko dira.
Onuradunak Lehen Hezkuntza edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duten itunpeko ikastetxeak izango dira; izan ere, etapa horietan ezartzen dira hizkuntza indartzeko programak. Laguntzen deialdiaren xedea da programa horiek 2022-2023 ikasturtean egikaritzearen ondoriozko gastuak zein langile-gastuak finantzatzea. Sare publikoko ikastetxeen kasuan, ordea, Hezkuntza Sailak zuzenean esleitzen dizkie baliabideak Hezkuntza Sailak premia duten ikastetxeei.
HIZKUNTZA INDARTZEKO PROGRAMAK
Ikasle iritsi berriak 2021eko urtarrilaren 31tik unibertsitateaz kanpoko euskal hezkuntza-sisteman lehen aldiz matrikulatu diren horiek dira. Dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, ikasleek gutxienez 6 urte eta gehienez 18 izan beharko dituzte, 2022-2023 ikasturtean dauden bitartean.
Dirulaguntzan interesatutako ikastetxeek aurkeztu beharreko dokumentazioa honakoa da: ikastetxeak ezartzen duen hizkuntza-errefortzuko programaren deskribapena, programan parte hartuko duten irakasle espezializatuak eta haien dedikazioaren ehunekoa, parte hartuko duten ikasleen kopurua, eta programazio didaktikoa, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak barne. Joan den ikasturtean, 2021-2022 bitartekoan, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak itunpeko 114 ikastetxetan garatu diren antzeko programak lagundu zituen dirulaguntzaz, eta 1.500 ikasletik gora izan ziren onuradun. Sare publikoan, bestalde, sailak hizkuntza indartzeko irakasleen 204 jardunaldi bete ditu 285 ikastetxetan, eta 2.700 ikasle baino gehiago izan dira horien zuzeneko onuradun.
LANBIDE HEZIKETAKO ATZERRIKO HIZKUNTZA-ERREFORTZUA
Aipatutako dirulaguntzak onartu ziren Gobernu Kontseiluaren bilera berean, beste agindu bat onartu zen: itunpeko ikastetxe pribatuetan atzerriko hizkuntza-errefortzu ikastaroetara zuzendutako dirulaguntzena. Ikastaro horiek Lanbide Heziketako heziketa-zikloak emango dituzte, 2022-2023 ikasturtean. Deialdi horrek, guztira, 100.000 euroko diru-kopurua du mota horretako ikastaroak emateko, baldin eta ikastetxean bertan eta eskola-orduetatik kanpo egiten badira. Gutxienez 60 ordukoak eta gehienez 100ekoak izango dira, eta ikastetxeko irakasleek eman beharko dituzte.
Taldeek gutxienez 8 eta gehienez 20 ikasle izan beharko dituzte hizkuntza bakoitzeko (modalitate presentzialean), eta ikastetxean matrikulatuta daudenak baino ez. Hala ere, modalitate presentzialaz gain, ez presentzialean (online) edo mistoan antolatu ahal izango dira ikastaroak, eta ikasleen komunikaziorako konpetentzia eta ahozko trebetasunak landuko dira bereziki, elkarrizketa-praktika eta ahozko azalpenak sustatuz.