Euskal Herriko Eskolarteko finala Iurretan ospatuko da igande honetan

Euskal Herriko Eskolarteko 34. Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko da Iurretan (Bizkaia) larunbatean, ekainaren 18an, eta 12 bertsolari gazte igoko dira oholtzara: Aetz Etxart, Beñat Astiz, Daia Harluxet, Danel Herrarte, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre. Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, Iurretako Kepa Arroitajauregi frontoian izango da saioa, 11:30etik aurrera, eta amaitutakoan mokadua eskainiko da.

Sarrera doakoa da, baina gonbidapena eskuratu behar da www.bertsosarrerak.eus atarian. Unai Iturriaga bertsolari durangarrak jantziko dio txapela irabazleari. Urte hasieran ekin zitzaion Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketarri: Gipuzkoan hasi zen, eta pasa berri den asteburuan Itsasun egin zen saiora arte, hainbat gazte aritu dira kantuan. Hain zuzen, hori da, besteak beste, Eskolartekoaren helburua: 14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea. Gainera, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak ere egiten dira, hala nola idatzizko txapelketa edota adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketa.

Aurtengoa eskolartekoaren 34. edizioa izango da. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute elkarlanean gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa, eta aurten Iurretako Udalaren laguntza ere izan dute.