Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea bere zortzi urteko ibilbidearen azken txanpan sartuta dago ekainean, eta hilaren 30ean egingo du azken ekitaldia. Kontzertuak, zinema, ikuskizunak, jardunaldiak, antzerkia, kultur proiektuen aurkezpenak edota familia jarduerak izango dira hilean zehar 2014an hasitako bidea amaitzeko, arduradunek jakinarazi dutenez.
Hain zuzen, 2014ko urriaren 15ean inauguratu zenetik aurtengo ekainaren 30era bitarte, 66.500 erabiltzaile baino gehiago gerturatu dira Oihanederren antolatu diren 900 bat jardueretara. Gutxi gorabehera, urtean 10.000 lagun inguru hurbildu dira jardueretan parte hartzera (pandemia garaian izan ezik). Arduradunen arabera, “euskal kulturaren erakusleiho” izan da Oihaneder Gasteizen, eta bertan izan dira euskal sortzaile ugari beren lanak erakusten hala nola idazleak, musikariak, aktoreak, margolariak, zinema zuzendariak, dantzariak, marrazkilariak, artista plastikoak eta beste.
Eskaintza “anitza eta askotarikoa” izan da, kultura diziplina ezberdinak programatu dira eta publiko segmentu ezberdinei zuzendutako jarduerak antolatu dira, ahalik eta eragin zabalena izate aldera. Ildo horretan, “kontaezinak” izan dira eragileengandik jasotako proposamenak, “eta ahal izan den gehienei egin zaie leku”. “Izan ere, hori behar dute euskal sortzaileek: plaza eta oholtza, bozgorailua eta arreta”, gaineratu dute. “Denei, sortzaile zein ikus-entzuleei, babesle zein laguntzaileei, erakunde zein elkarteei, guzti guztiei, eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen, eta orain arte egindako bideak, etena baino, izan dezala jarraipena hurrengo proiektuetan. Izan ere, elkarlanean sinesten dugu, eta horren adierazle jarduera guztien ` modu horretan atera dugula aurrera, hots, beste eragile batzuekin batera gauzatu ditugula, izan elkarte, erakunde, entitate edo norbanakoekin”, nabarmendu dute.
Era berean, Gasteizko Udalaren eta, bereziki, Kultura eta Euskara zerbitzuen laguntza “ezinbestekoa” izan dela ziurtatu dute: “Bertako arduradun, teknikari eta langileen laguntzagatik izan ez balitz, oihan eder baino, baso sastrakatsu izango zatekeen aurrera eraman den proiektua”. “Gasteizko euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko sortu zen proiektu hau, eta uste dugu kultur akuilu gisa lan mardula egin dela, kulturaren balio eraldatzailean sinesten baitugu, eta hori baita eguneroko lanabesa”, adierazi dute. Azkenik, nabarmendu dute zortzi urteko ibilbideak “aurrera egiteko kemena” eman diela eta, beraz, Lazarraga Kultur Elkarteak lanean jarraituko duela “Gasteizek merezi duen kulturgune euskaltzalea ahalik eta lasterren izan dezan”.