Hasia da Azkena Rock Festival jaialdiaren atzerako kontaketa, eta ostegun honetan zabalduko ditu ateak, hiru egunez, hau da, uztailaren 16tik 18ra bitarte, luxuzko programazioa eskainita 20 urteko historia handikiro ospatzeko Gasteizen.
ARF jaialdiaren garra osteguneko 18:00etan piztuko da, orduan irekiko baitira ateak. 2 urtez zain egon ostean, jaialdi mitikoaren agertokiak musikaz beteko dira berriro ere eta, hasteko, honako hauek izango ditugu Mendizabalan, besteak beste: Kaliforniako punk-rockaren beteranoak diren eta genero hori masa-fenomeno bihurtu zuten The Offspring; Fu Manchu mitikoen gitarra astunak; jai-giro ezin hobea sortuko duen The Toy Dolls; Estatuko rockaren estandarte Morgan; countryaren ahots berri eta txalotua, Morgan Wade; eta Los Tonys taldeko Micky, baina oraingoan Los Colosos del Ritmo taldearekin batera abiarazi duen proiektu berrian.
Ostiralean, berriz, rock n’ rollaren izen esanguratsu ugari izango ditugu, hala nola 40 urtetik gorako ibilbidea ospatzen ari diren Social Distortion; Greg Dulli buru duen The Afghan Whigs; 2005ean eskaini ziguten kontzertu gogoangarriaren ostean berriro ere Mendizabalara datoz Drive-By Truckers; Alice In Chains taldeko sortzaile eta lider Jerry Cantrell, bakarkako proiektuarekin; edo Ilegales mitikoak. Azken horiek ere urteurrena ospatzen ari dira, eta ARF jaialdian ospatu nahi izan dute. Eta horiekin guztiekin batera, ziurrenik Gasteizko talderik ezagunena ere arituko da: Soziedad Alkoholika.
Larunbat gauean rockaren hiru dama handi izango dira protagonista, argi gera dadin rock musikak eta musika horren soinuek ez dutela adinik. Hirurak hirurogeita hamar urtetik gorakoak emakumeak dira, eta jo ta su jarraitzen dute hirurek; aurten, gainera, jardunaldi berean bat egingo dute denek, etorkizunerako geratuko den gau batean: Emmylou Harris countryaren kondaira; Suzi Quatro edo rockean arraila ireki zuen emakumea, eta gure aparteko amabitxi eta punkaren ikono eztabaidaezin den Patti Smith.
ARF jaialdiaren bereizgarrietako bat da zerrendaburu bikainak ekartzeaz gain, artista sorta ederra biltzen duela kartelean: Adia Victoria, edizio honetako altxorretako bat, zalantzarik gabe; Dirty Honeyren rock aingerutarra, Hiss Golden Messenger taldearen folk-rock sofistikatua edo Ryley Walker aparta.
Galdu ezinezkoa da, halaber, Trashville karpako programazioa; rockaren alderdi zitalena azaleratzen den tokia, agertokiaren eta publikoaren arteko arrakala gainditu eta proposamen basatienez gozatzeko, surf, garage, psychobilly eta askoz ere kutsu gehiagorekin. Mundu osoan The Cramps taldeari egin zaion omenaldirik onena, Teenage Werevolves taldearekin, La Perra Blancoren gitarra basatia, Klingonz psychobillyaren kondaira, Oh!Gunquit londrestarren estilo-nahasketa karismatikoa, edo Tiburonaren punk lotsagabea. Gainera, «Donde ni el diablo se queda. Recorriendo el Sur con los Drive-By Truckers» liburuaren aurkezpena ere egingo dugu; taldeko kideak bertan izango dira eta, aurkezpenaren ondoren, liburuak sinatuko dituzte.
Urteurren honetan zuzeneko musika baino askoz ere gauza gehiago izango ditugu; izan ere, Mendizabalara ekarriko dugu, berriro ere, motoen, akrobazien eta zuzeneko musikaren Wall of Death ikuskizun zirraragarria, eta aurtengo berrikuntza moduan, autotxokeak, ekintza rock n`rollaren erritmoan bizi nahi dutenentzat.
Tradizioari jarraikiz, ezin genituen alde batera utzi ostiral eta larunbat goizean Andre Maria Zuriaren plazan antolatzen ditugun doako kontzertuak; aurtengo edizio honetan, Alexis Evans soularen promesa zuri berria eta Kim Lenz rockabillyaren musa ekarriko ditugu, gauean Mendizabalan gertatuko denaren atariko eta, era berean, jaialdiaren eta Arabako hiriburuaren arteko topagune klasiko.
Izarren pasealekua
Gasteizko Foru plazan gaur goizean egindako prentsaurrekoaz gain, Azkena Rock Festivalek Izarren pasealekua inauguratu du. “Gure egoitza den eta jaialdiaren zati bihurtu den hiriari egin nahi diogun beste keinu bat da. Bi hamarkadotan jaialdiaren historia egin duten eta, zalantzarik gabe, nazioarteko eta Estatu mailako rockaren historian ezinbesteko bihurtu diren banda nagusiei omenaldia egiteko tokia da”, azaldu du Santiagok.
Bertan, mito ukaezinak daude: Bob Dylan, Patti Smith, Kiss, Iggy & The Stooges, Alice Cooper, Ozzy Osbourne, Sex Pistols, Joan Jett, Deep Purple edo Blondie, adibidez. Baina baita talde garaikide garrantzitsuak ere: Chris Isaak, Slash, Pearl Jam, Queens of the Stone Age; edo Estatu mailako beste ikono batzuk: Loquillo, Soziedad Alkoholika, Los Enemigos edo Morgan
75 izarrez osatutako pasealekua da, Posta kalean barrena doana Foru plazatik Andre Maria Zuriaren plaza kuttunera. Bertara hurbiltzen direnek artista horietako bakoitzari buruz orain arte ezagutarazi ez den bitxikeriaren bat edo jaialdian egon zireneko anekdotaren bat ezagutzeko aukera ere izango dute, izar bakoitzak duen QR kodearen bitartez. Ekainaren 12an, asteartea, eguerdian zabalduko da pasealekua, eta igande gaueko 12ak arte bisitatu ahal izango da.