Guggenheim Bilbao Museoak #GuggenheimBilbaoInsights ekimen digitaleko laugarren bideoa sareratu du ostiral honetan, eta Itziar Okariz artista eta Lucia Agirre arte komisarioa dira haren protagonista. Artista bilbotarraren ibilbide profesionalaz eta haren lanik esanguratsuenez aritu dira.
Museoko arduradunek jakitera eman dutenez, Okarizen eta Agirreren arteko topaketa Richard Serraren ‘Denboraren materia’ instalazioaren aretoan izan da, han egin baitzuen artista bilbotarrak ‘Txaloa’ performacea 2007an. Orduan, nortasun handiko soinu ekintza bat aukeratu zuen (txaloak), jendaurrean lehenengoz jartzeko.
Beste obra bat ere ekarri dute gogora bideoan ageri diren bi solaskideek: ‘Irrintzi’. ‘Chacun à son goût’ erakusketarako berariaz sortutako ekintza sorta da, bideoz dokumentatua eta Guggenheim museoko txoko ezberdinetan barrena gorputzarekin eta soinuarekin esperimentatuz egina.
Solasaldian, Itziar Okarizek gogoetagai izan du bere sorkuntzekiko “elkarrizketa”. Bere hitzetan, “nire lanean behin eta berriro erabili izan dudan kontua da. Komunikazioa zaila da, eta horixe interesatzen zait. Estatuak lanarekiko elkarrizketan alde bat baino ez duzu; bestea ezin duzu entzun, eta sortzen diren hutsuneak zeuk bete behar dituzu. Horrek aukera ematen dizu arreta gertaeraren muinean jartzeko”.
Elkarrizketaren bukaera aldera, Itziar Okarizek eta Lucia Agirrek hizpide hartu dute artistak Shanghaiko bienalean izandako parte hartzea. ‘Ozeanikoa’ performancea aurkeztu zuen bertan alabarekin batera, sarean: itsasoa imitatuz praktikatzen den yogako arnasketa mota bati erreferentzia egiten dion soinu obra da. Bideoa Guggenheim Bilbao Museoaren webgunean eta YouTube, Instagram, Facebook eta Twitter sare sozialetan dago ikusgai. #GuggenheimBilbaoInsights ekimena martxoan bukatuko da, Esther Ferrer artistaren eta Lekha Hileman Waitoller komisarioaren arteko bideoarekin.