Rita Payés, Rüdiger, Teksuo, Vulk, Tashakor, Knives edota American Folk Singer, Gernikako Lekuek jaialdian

Gernikako (Bizkaia) Lekuek jaialdiaren aurtengo edizioa martxoaren 13tik 21era bitarte izango da, eta antolatzaileek ostiral honetan iragarri dituzte han izango diren lehen artista eta taldeak: Rita Payés, Rüdiger, Teksuo, Labana, American Folk Singer, Tashakor, Vulk, Elle Belga, Aiama & Aneguria, Knives, Azken Sustraiak, Feline eta Euskatalites.

Jaialdiaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa, pandemiaren ondorioz iazkoa bertan behera utzi ondoren. Iparragirren, Astran eta Lizeo Antzokian izango dira ekitaldiak, eta Iban Sainz Jaiok sortu du 2021eko edizioko iruditegi guztia.

Gernikako hainbat kolektibok eta norbanakok elkarlanean antolatutako festibalak ekitaldi mota ezberdinak eskaintzen ditu, hala nola kontzertuak, hitzaldiak, ikus-entzunezkoen proiekzioak, lantegiak eta erakusketak. Halere, antolatzaileek oraindik ez dute aurtengo egitarauaren inguruko xehetasunik eman. “Erresistentzia hartuko dugu jarreratzat. Erre dezagun guztia, su garen bitartean. Suak argituko digu bidea, su emango diogu alkarri, eskerrak. Izan gaitezen, zu barrikada eta ni sua. Beroak harrapa gaitzala umelak gauden bitartean, eskuok haragizkoak bihurtzen diren bitartean. Indarrez gatoz, ez ahaztu. Zu barrikada eta ni sua! Zu barrikada eta ni sua!”, adierazi dute antolakuntzatik.