Intza Unanuek 1996ko neguan eman zion hasiera musikaz beteriko bizitzari, Gipuzkoako kostaldean, Orion. 14 urte zituela, musika, bere jolas gogokoenetakoa izatetik, bidelagun izatera igaro zen, 2011n hasi baitzuen ibilbide profesionala Benito Lertxundiren taldearen parte bihurtu zenean. Urte luzez paper zati ezberdinetan bere bizipenetatik sortutako letrak idazten ibili da, non amaituko zuten ere jakin gabe.
Zure disko AHERI du izena. Zer esan nahi du?
Aheri, euskara zaharretik hartutako hitz edo kontzeptu bat da. Melodia, kantu, ereserkiren sinonimo bezala erabilia. Disko honi, niretzat momentu horretan esan nahi zuenaren inguruko izena eman nahi nion, eta argi neukan azken bi-hiru urteetan kantuen letrak lantzen egon ondoren, asko nire bizitzako ereserki bihurtu zirela. Ideia kontzeptual guztia biltzeko, beraz, izen aproposa iruditu zitzaidan.
10 kantuz osaturiko lan kontzeptuala dela irakurri dugu, nola deskribatuko zenuke disko hau?
10 kanturen baitan, egoaren eta intuizioaren dikotomian dantzan dabilen lan bat da, soinu apalak eta organikoak elektronikoagoekin nahastuz.
Egoak, egunerokotasunean “bizirik mantentzen” laguntzen digu, intuizioak berriz garapenera bultzatzen gaitu, hezten laguntzen digu. Ia beti, egiten ditugun akzio eta izaten ditugun jarrera guztiek dute bi alde hauetatik aletxoren bat. Egoari kasu gehiegi egiten diogunean, gure kontra jokatzen dugu maiz, zer esango dutenari begira. Intuizioari kasu egiten diogunean, berriz, benetan barrura begiratu eta zer den egin nahi duguna irakurtzeko gai gara. Bien arteko oreka da, ordea, bidea argitzen laguntzen diguna. Horren inguruan izandako hausnarketez hitz egiten du diskoak.
Disko honekin zure estiloa topatu duzula esan daiteke?
Uste dut norberaren estiloa etengabe aurkitzen joaten zaren zerbait dela. Egia da nik lehen EPtik “Ilundu Aurretik” lanetik, gerturatzen handia nabari dudala egin nahi dudan horretara, edo eroso sentiarazten nauen estilo batera. Baina baita ere uste dut, lan baten estiloa edo sonoritatearen zertzeladak, behintzat, momentuan bizitzen ari zarenari lotuta joan daitezkeela.
“Aheri” ren atzetik beste diskoren bat etortzen bada, ez dakit estilo honetan jarraituko duen edo bizitzak beste norabide bat hartzera eramango nauen momentu horretan.
Zure musika aurkezteko abesti bat aukeratu beharko bazenu, zein izango zen litzateke? Zergatik?
Ez zait erraza egiten galdera hau erantzutea. Disko honetako kantu guztiek baitute nire izateko eraren erakusleren bat. Eguneko momentu batzuetan apalagoa naiz, barrura begira egoten dena, kasu horretan “Dikotomia” kantua aukeratuko nuke. Baina beste momentu askotan, pertsona urduria eta mugitua naiz, oso. Kasu horretan “Gero arte M.K” hautatuko nuke. Biak ala biak punta ezberdinetatik idatziak dira eta emaitza ere zeharo ezberdina dela esango nuke.
Abestiak bakarka, ukelelearekin sortzen dituzu etxean, baina diskoan produkzio handiagoarekin entzuten dira, instrumentu eta soinu aniztasun handiagoarekin. Lortu duzu, nolabait, buruan zenuena diskoan islatzea?
Egia da nire lehen kantuak ukelelearekin sortu nituela, momentuan errekurtso horixe aurkitu nuelako. Baina handik aurrera elementu ezberdinak erabiltzen ditut, gitarra, teklatua, instrumenturik ez…
Galderara itzuliz, disko honetako kantu guztien konposaketaren prozesuan lanketa handi bat egin dut esan nahi nuenaren arira. Letren kuadernoak kantuen letrak baina gehiago ditu zer transimitu nahi duenaren eta zein soinu aurkitu behar nituenaren post-itak. Produkziora ideiak oso garbi nituela joan nintzen, eta horretarako izugarria izan da El Tigre estudioetako Jon Zabalarekin kontatzea, hasieratik nabaritu nuen nik buruan nuena plasmatuko zuela. Oso polita izan da prozesua berarekin partekatzea eta lanaren emaitza jaiotzen ikustea.
Musikan ibilbide luzea eman ondoren 2018an bakarkako bidea hasteko urratsa eman zenuen, zer eraman zintuen erabaki hau hartzera?
Ez zen erabaki bat izan, betidanik izan baitut argi bide hau hartu nahi nuela. Umetan bi jolas gogoko nituen, bata ispilu aurrean kantatzen eta dantzan orduak igarotea, eta bestea amaren radiokaset grabagailu zaharra hartu, etxean nituen diskoak erreproduzitu eta nire burua grabatzea bigarren eta hirugarren ahotsak sortzen. Beraz, erabaki hori banuen hartua. Gero “kasualitateak” eman ziren, edo beno, ukelele bat oparitu zidaten, eta nire solfeo ezjakintasunean trasteatzen ari nintzela, konturatzerako lehen kantua sortua nuen “Karan”. Puntu hori izan da garrantzitsuena niretzat, ohartu bainintzen kantuak sortzeko gai nintzela instrumenturik jotzen ez banekien ere.
Hamar urte baino gehiago pasatu dira Benito Lertxundiren bandan sartu zinenetik, eta ordutik, kontzertu askotan abestu duzu haiekin, koruak eginez. Orain, eszenatokiaren albo batetik, erdira pasatuko zara. Nola sentitzen zara?
Aktoreek pelikuletan paper ezberdinak bete ditzakete. Aktore printzipalarena edo bigarrenarena, esaldi gutxiagorekin, presentzia gutxiagorekin. Biak dira lan ezberdinak eta biak ikasi behar dira egiten. Horrela sentitzen dut Benitoren bandako parte izatea edo Intza proiektua lideratzea.
Benitorekin instrumentu bat gehiago sentitze naiz, izugarri gustatzen zait beste musikariekin enpastatzen saiatzea eta paper honek ematen didan lasaitasunaz gozatzea. Ziur nago eszenatokiaren albo horretan hainbeste urte igaro ez banitu, ez nintzatekeela berdin sentituko agertokietan nire proiektu propioarekin. Beti daude urduritasunak norberak bere proiektua munduari erakutsi nahi dionean, baina eszenatokia etxe bat bezala sentitzen duzun momentuan, eramangarriagoak dira emozio guztiak.
Nola sortu zen Benito Lertxundirekin lan egiteko aukera?
Ikastolan bagenuen kantuak lantzeko koro estiloko eskolaz kanpoko aktibitate bat, Olatz Zugastiren eskutik. Talde honen sorreratik ibili nintzen bertan, gogoan dut asteazkenetan izaten zela eta gurasoei esaten niela “aita, ama, gaur da nire asteko egunik gogokoena, arratsaldean koro daukat”. Urte ugari igaro nituen bertan, kantu herrikoiak lantzen.
2011n, 14 urte nituela, Olatzek bere etxera gonbidatu ninduen zenbait proba egitera. Ez dut ondoegi gogoratzen egun hura baina etxean duten entsegu gelan bildu ginen Olatz, Benito eta ni. Eta elkarrekin kantu batzuk abesten eta erregistro ezberdinak probatzen ibili ginen. Hurrengo oroitzapena dudana Andoaineko eszenatoki gainean da, 2011ko abenduaren 16an, urduri, nire txanda noiz iritsiko zain.
Egun publizitate arloan lan egiten duzu, etorkizun batean musikaz bakarrik lan egitea posible ikusten duzu?
Inoiz ez da izan nire helburu nagusia musikaz bakarrik lan egiteko aukera. Beti izan dut sentsazioa musika ogibide bihurtzean zenbait traba jarriko nizkiola nire buruari eta ibilbideari, ez dut nahi sormenaren esklabu bihurtu ez eta prekarietatearen marra gorrian dantzan ibili. Askoz gehiago bizitzen dut musika eguneroko lanaz haratago nire sormena lantzeko, ebaditzeko eta denbora librea gustuko dudan zerbaitetan inbertitzeko bide gisa.
Horrekin ez dut esan nahi hobi hutsa denik niretzat musika. Profesionalki hartzen dut, denbora eta diru inbertsio bat eskaintzen dizkiot eta lan asko egiten dut aurrera jarraitu ahal izateko. Baina era berean, nire lan printzipala ez izateak perspektiba gehiago ematen dit eta sortzen jarraitzeko grina bizirik mantendu.
Umetako ametsa bete duzu zure proiektua sortuta. Aurrera begira, amets gehiago ba al ditu Intzak?
Asko amesten duen pertsona bat naiz, etengabe doaz amets berriak sortzen baina badut inoiz joaten ez zaidan ametsa. Euskal Herri osoa zearkatzea kontzertuak eskainiz. Disko bat kaleratzea oso prozesu polita da, baina niri benetan betetzen didan kantu horiek jendaurrean aurkeztea da, oso oso zoriontsu izango nitzateke urtean kontzertu askotxo jotzeko aukera lortzen badut.
Bestetik baditut beste bi amets, duela urte batzuk buruan bueltaka. Victoria Eugenia antzokian emanaldi bat eskeintzeko aukera izan nahiko nuke egunen batean eta baita Euskadiko Orkestrarekin nire kantu bat eskaintzea zuzenean ere.