Organo bat behar duenak % 94ko aukerak ditu hori lortzeko

Hiltzen den pertsona batek hiru transplante egiteko aukera ematen du. Ospitaleetan hiltzen diren pertsonen % 1 eta % 2 artean emaile izan daitezke. Dohaintzak eraginkorrak izan daitezen, heriotza gertatzen den unetik protokolo zorrotz bat aktibatzen da, xehetasunik txikiena ere zainduz. Premiazkoa da denbora, horregatik oso azkar hartu behar dira.

Espainiako Estatuak ia 30 urte jarraian daramatza munduko abangoardian organoak ematen eta transplantatzen, eta munduko liderra da eremu honetan, Europar Batasuneko dohaintza guztien % 20rekin eta munduko dohaintzen % 6rekin, Transplanteen Erakunde Nazionalaren (ONT) arabera, nahiz eta Estatuak Europako biztanleriaren % 9,1 eta munduko biztanleriaren % 0,6 baino ez izan.
Gure sistemaren mundu mailako ospea, alde batetik, Transplanteen Erakunde Nazionalak kudeatzen duen antolaketa-ereduari zor zaio, eta, bestetik, herritarren elkartasunari, kon­tsultatutako familien % 86k organoak ematea baimentzen baitu. Espainiako Estatuko tasa 49,6 emailekoa da milioi bat pertsonako, eta horrek erakusten du organo-dohaintzei egiten dien ekarpena, Europako batez bestekoaren oso gainetik (milioi bakoitzeko 22,3 emaile) eta Alemaniatik oso urrun (9,7).
Dohaintzen eta transplanteen zifrak urtero handitzeko helburuarekin, TENak dohaintza-prozesua eta emaileen zaintza hobetzen ditu urtez urte. Askotan, dohaintza-emailearen familiarekin egindako elkarrizketa baten bidez irekitzen da aukera hori; une gogor batean, bizitza oparitzeko ate bihur daiteke elkarrizketa. Oraindik ikerketa asko falta da funtsezko fase horri buruz, transzendentzia handiko momentua baita.


Dohaintza handitzea; bizia oparitzea
Espainiako Estatuan, prestakuntza-ikastaroak egiten zaizkie profesionalei, berri txarren komunikazioa eta organoak emateko eskaera hobetu dezaten. Dohaintza-prozesurako laguntza emozionalaren puntu garrantzitsuenetako bat da senideei ulertzen laguntzea, heriotza entzefalikoaren kasuetan, une horrek «bizitzaren amaiera» dakarrela, bai eta dolu-prozesuaren lehen fasea hasi dutela bermatzea ere, galera onartuz, dohaintza eskatu aurretik.
Beste herrialde eta kontinente batzuetan, transplanteen eredu hau imitatzen eta ikasten saiatzen ari dira. “Loteria bat bezalakoa da, zure salbazioa izan daitekeen eta iritsiko den ez dakizun zerbaiten larritasuna”, azaldu du Eduardo Miñambres medikuntzan adituak. “Herrialde batzuetan, itxaron-zerrenda hori oso luzea da, eta, han, heriotza-tasa ez da txikia”.
Espainiako Estatuan, giltzurruna ez den organo bat transplantatzeko batez besteko itxaronaldia 4 hilabetekoa da. “Estatuko transplante-sistema osasun oneko eta arreta unibertsaleko sistema nazional batean oinarritzen da, elkartasunean, eta tripodearen hirugarren hanka antolaketa-sistema da”, adierazi du Rafael Matesanzek, 1989an TENaren sortzaileak.
Zientziak organoen bioinprimaketa eta zelula-aldaketa ikertzen dituen bitartean, organoak emateko eskaera-prozesuaren zaintzak Espainiako Estatuan gero eta bizitza gehiago salbatzen dituen munduko eredurako bidea errazten du.