Ostiralean amaitzen da “Booktuberbooom” lehiaketan parte hartzeko epea

Salburuako liburutegian, gazte eta nerabe talde bati ekimenaren berri emanez.

UNAI GANDARIAS /2019-11-25/ Booktuberboom Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) booktuber lehiaketaren hirugarren edizioan parte hartzeko epea azaroaren 29an amaituko da, eguerdiko 12:00etan. Lehiaketan parte hartzeko, 14 eta 18 urte bitarteko gazte parte hartzaileek euskarazko liburu bat irakurri eta horri buruzko booktube bat sortu behar dute.

Booktubeak aurkeztu ondoren, publiko zabalaren txanda izango da, lehiaketaren blogean (booktuberboom.wordpress.com) argitaratuko den esteka bati jarraituz edonork izango baitu booktubeak bozkatzeko aukera, antolakuntzak jakinarazi duenez.

EAEko gaztetxoen artean ikus-entzunezkoen bidez irakurtzeko zaletasuna sustatzeko helburuarekin, eta mundu mailan sekulako arrakasta izan duen ‘booktube’ fenomenoa baliatuz, EAEko Liburutegi Zerbitzuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Galtzagorri Elkarteak “Booktuberboom” egitasmoaren hirugarren edizioari ekin diote. Egitasmoaren helburua EAEko Booktuber Plataforma sortzea da, “Euskal Booktuber Komunitatearen lehen hazia landatzen hastea, hain zuzen”, adierazi dute bere arduradunek.

Topaketak EAEko liburutegietan

Edizio guztietan bezala, aurten ere topaketak antolatu dira EAEko liburutegietan. Topaketetara inguruko ikastetxeetako gazteak gerturatzen dira booktubeak zer diren eta nola egiten diren ikastera. Lehiaketaren hirugarren edizio honetan 12 saio egingo dira, iaz baino hiru gehiago. Gasteiz, Zalla, Elorrio, Iurreta, Hondarribia edo eta Markina-Xemeingo liburutegietan egin dira jada topaketak, eta azkena Pasai San Juanen izango da, datorren asteartean, azaroaren 26an.

Gainera, lehiaketaren hirugarren edizioan hainbat aurpegi ezagun animatu dira booktuberren azalean jarri eta haien gustuko liburuak gomendatzera, besteak beste, Zuriñe Hidalgo abeslari eta aurkezlea edota Mikel Pagadi aurkezle eta umorista. Gainera, lehiaketa sustatzeko booktuber topaketak antolatuko dira EAEko hainbat liburutegitan.

‘Book’ (liburua) eta ‘tube’ (Youtube) kontzeptuak lotzen dituen bideoa da booktube bat, hau da, Youtube plataforman jartzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina, liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo grabazioa, alegia.