Elkar Fundazioak haur eta gazteengan irakurzaletasuna eta euskararen erabilera bultzatzeko asmoz, 15. ilustrazio eta ipuin lehiaketa jarri du martxan. Urtero, bataz beste, Euskal Herriko txoko ezberdinetako 10.000 haur eta gazteek hartzen dute parte, ilustrazioak, ipuinak eta komikiak bidaliz. Beraz, lehiaketa honek badauka ibilbidea, eta jende ugari animatzen da ekimenean parte hartzera, sariak ere oso interesgarriak izaten direlako.
Aurten, Esti Vivancok idatzitako ‘Nora joan da Nora?’ ipuina irakurri eta ilustratu beharko dute txikienek. Koxkorragoek, berriz, Alex Orbek sortutako ilustrazioan oinarritu beharko dute beraiek sortutako ipuina. Azkenik eta nobedade gisa, aurten lehiaketako helduenek, bi aukera izango dituzte: Alex Orbek hasitako komikiari jarraipena ematea edo beronen gaia mantenduz, hau da, txango bat, komikia hasieratik sortzea. Horrela, astindu irudimena eta ekin!
Parte hartuko duten haur eta gazteei zuzendutako sari ederrez gain, ikastetxeei eskainitako sari bereziak izango ditu aurten ere. Alde batetik, Laboral Kutxak bi ikasgelarentzat saria emango du; bestetik, Irrien Lagunen Klubak ikuskizun batekin sarituko du ikastetxe parte-hartzaileetako bat.
Ipuinak, ilustrazioak eta komiki ala binetak aurkezteko apirilaren 20a bitarteko epea egongo da. Informazio gehiago behar izanez gero, jo elkar.eus atarira, idatzi lehiaketa@elkar.eus helbidera edo dei egin 943 310 301 telefono zenbakira. Ez dago aitzakiarik ez parte hartzeko, ziurrenik zure irudimenak lagunduko dizula. Has zaitez!