Ikasketa guneak azterketa garairako, Durangon

Etxean, sarritan, ezinezko izaten zaigu kontzentratzea. Toki falta dela medio, zarata… denbora aurrera joaten da eta ez gara gai izaten ikasteko. Horregaitik, azterketa garaia hurbiltzen ari dela eta, Durangoko Udalak ikasteko gune ezberdinak prestatu ditu urtarrilaren 21era bitartean Landako I kiroldegiko sotoetan eta Intxaurrondoko instalazioetan datozen asteetarako. Ekimen honen helburua azterketak prestatu behar dituzten ikasleei gune ezberdinak eskaintzea da, ikasteko ordutegiak (goizez zein arratsaldez) eta espazioak handituz.

Alde batetik, Laubideta kaleko 6. zenbakian kokatuta dagoen Intxaurrondo gunean astelehenetik ostiralera bitartean ikasteko aukera egongo da goizez, 9.30etik 15.00etara bitartean. Landako I kiroldegiko sotoak, berriz, arratsaldean zabalduko dira, 16.00etatik 21.00etara, astelehenetik larunbatera bitartean.

Horrez gain, Bizenta Mogel Bibliotekak ere bere egutegi eta ordutegia luzatuko du. Horrela, astelehenetik ostiralera 9.00etatik 21.00etara, hain zuzen ere. Larunbatetan, berriz, 10.00etatik 20.00etara. Igandeetan ere ez dago aitzakiarik ez ikasteko. Izan ere, goizez zein arratsaldez zabalduko ditu ateak: 10.00-14.00 eta 16.00-20.00 bitartean.

Ane Abanzalegi eta Patxi Lakuntza zinegotzien esanetan, «azterketa garaian ikasleek gune lasaiak behar dituzte ikasteko, eta badakigu ere ordutegiak malguagoak izan ohi dituztela. Horregatik, Durangoko Udaletik premiazkoa ikusten dugu ikasle hauei gune atsegin eta erosoak eskaintzea beren ikasketak aurrera eramateko».