Aurten 5.300 milioi mugikor erabiltzeari utziko diogu, gailuok hondakin bilakatuko direlarik

Aurten 5.300 milioi mugikor erabiltzeari utziko diogu munduan barrena, gailuok hondakin bilakatuko direlarik. Hondakin Elektronikoen Ekoizleen Erantzukizuneko Erakundeen Nazioarteko Elkarteak (WEEE Forum) igorritako datuak dira hauexek.

WEEE Forumek dioenez, dispositibook oso gutxi birziklatzen dira eta horien gehiengoak zabortegietan edo etxeetako kaxoietan pilatuta amaitzen dute. Dena den, erakundearen esanetan, ingurumenarekin errespetugarriena eta eraginkorrena hondakin mugikor gutxiago sortzea litzateke. Horretarako zenbait irtenbide topatu beharko lirateke mugikor industrian, ekoizleek gailuak irauteko sortzea edota konpontzeko erraztasunak ematea, tarteko.

WEEE Forumek nabarmentzen duenez, gaur egun 16.000 milioi mugikor daude munduan barrena. Nahiz eta Lehengo eta Hirugarren Munduko Herrialdeen artean diferentzia handia izan, batez beste bi gailu egokitzen dira pertsonako.

Europar Batasunaren txosten batek nabarmentzen duenez, beroketa globararen testuinguruan duten eragina aintzat hartuz (trafiko digitalaren ondoriozko berotegi-efektuko gasen emisioak aire-sektorekoen antzekoak dira), mugikorrek gutxienez 25 urte iraun beharko lukete. Baina errealitatea beste bat omen da, hiru urterik behin norbanakoek mugikorrez aldatzen baitute. Europar Batasunean mugikorren bizitza urte bat gehiago luzatuko baltiz, 2,1 milioi tona CO2 aurreztuko lirateke kontinente zaharrean 2030, urtea bitarte.

Txosten honek mahaigaineratzen duenaren arabera, mugikor baten bizitza zikloaren laurdena baino gehiago, %28a, alegia, eguneroko birkargei dagokio. Zatirik handiena, aldiz, %72a, gailua produzitzeari, garraiatzeari eta hondakinen kudeaketari dagokio, ez-erabilera faseari.