Nerea Ibarzabal eta Haritz Mujikaren pausu erabakiorra

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen fasea aurrerantz doa eta asteburu honetan ere bertsolariek izan dute lana. Larunbateko saioan, Gotaine-Irabarnekoan, Nerea Ibarzabal gailendu zen, 738 punturekin. Beraz, Irungo finalaurrekoan izango da, azaroaren 5ean, Sustrai Colina eta beste sailkatuekin batera. Gasteizko igandeko saioan, berriz, Haritz Mujikak lortu zituen puntu gehien: 695,5. Finalaurrekoetarako sailkatu da, urriaren 29rako.

Ibarzabalen atzetik, 737,5 puntu eskuratu zituen Oihana Iguaranek; Ane Labakak, 694,5; Julio Sotok, 691; Eneko Lazkozek, 649,5 eta Patxi Iriartek 604,5. Zortziko handian Iguaran eta Ibarzabal ikusgarri aritu ziren. Senideen papera egin behar izan zuten. Izan ere, nahiz eta amak hezi eta hazi, beraien aita agertzen zaie eta Iguaranek ez zuen ezer jakin nahi baina Ibarzabalek bigarren aukera eman zion. Ganbarakoan, bizkaitarra nabarmendu zen, nerabe baten paperetik biziki lan sinesgarria osatuta.

Gasteizen, aldiz, Haritz Mujikaren ondoren, Miren Artetxek eskuratu zituen puntu gehien (670). Ondoren, Iban Urdangarin (660,5), Xabat Galletebeitia (655,5), Amaia Iturriotz (648) eta Manex Agirre (573,5). Mujika ariketa guztietan inposatu zen baina ganbarakoan are gehiago nabarmendu zen. Diru kopuru handia eskaintzen diote eta onartu egiten du… Hala, Mujikak bere burua alkate gisa aurkeztu zuen. Ederki menperatu zuen egoera, nahiz eta bere bertsokideek ere ateraldi onak izan.

Datorren asteburuan ere kanporaketa bikoitza izango du txapelketak: larunbatean Donostian, eta igandean, berriz, Lizarran. Donostian kantatuko duten sei bertsolariak, Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Iguaran, Eñaut Martikorena, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita izango dira. Igandean, aldiz, Aitor Bizkarra, Asier Azpiroz, Imanol Uria, Iñigo Mantzizidor, Maialen Akizu eta Unai Gaztelumendi igoko dira oholtzara Lizarran. Ohi bezala, saioetako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude salgai; eta egunean bertan, 15.00etan zabalduko da txarteldegia.