Ondarea loratuz, gozatu! Patrimonio Sostenible lelopean urrian guztira 227 ekitaldi egingo dira lurraldeko 61 udalerritan banatuta. Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatutako jardunaldi hauetan ehun erakunde baino gehiagok hartzen dute parte: udalak, museoak, turismo bulegoak, natura interpretatzeko zentroak, kultura eta auzo elkarteak, tokiko edo eskualdeko garapen agentziak, hezkuntza-erakundeak eta baita partikularrak ere. Programazio osoa jardueren katalogo batean jasotzen da; jarduera gehienak doakoak dira eta bilaketa azkarra egiteko egutegi/gida eskaintzen da. Gainera, www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean agenda argitaratu eta erreserba online egiteko aukera emango da.
Lorea Bilbao Ibarrak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Ondarearen Europako Jardunaldien hogeita bigarren edizioaren egitarauaren berri eman du Itsasmuseumen egin den ekitaldian; berarekin batera parte hartzen duten erakundeen ordezkaritza izan da.
Ondarea loratuz, gozatu! Patrimonio Sostenible da Ondarearen Europako Jardunaldien 22. edizioaren gaia. Gai hau bat dator gaur egungo testuinguruan eta egoeran, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-erronka garrantzitsuei aurre egiteko garai honetan, gure kultura-ondare aberatsa eta askotarikoa balioan jartzeko, babesteko eta zaintzeko Europako Kontseiluak iragarritakoarekin.
Urria ekitaldiz gainezka egongo da. Guztira 227 ekitaldik, 140 proposamen kulturalekin, osatuko dute hilabete horretako agenda: bisitak, ibilaldiak eta ibilbide gidatuak, oinez edo bizikletaz; tailerrak familia osoarentzat, hitzaldiak eta solasaldiak, topaketak eta zuzeneko testigantzak, gastro-tailerrak, erakusketak, kontzertu eta topaketa musikalizatuak, ikus-entzunezko proiekzioak, bideo forumak, lehiaketak eta jarduera interaktiboak,… bertaratutakoei natura- eta kultura-ondarea modu parte-hartzaile eta iraunkorrean hurbiltzeko.
Lorea Bilbao Ibarrak gogorarazi duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak 22 urtez antolatu ditu Ondarearen Europako Jardunaldiak, eta edizio bakoitzean ehun gizarte- eta kultura-eragile baino gehiago bildu ditu kanpainaren inguruan. Ospakizuna urrira mugatzen bada ere, prestaketak hainbat hilabetetako topaketetan eta sareko lanean egiten dira, gai berri batean sakontzeko eta, horrela, jarduera-programari koherentzia emateko. Aurten 61 udalerrik hartuko dute parte kanpainan eta, kasu honetan iraunkortasunaren ikuspegitik, interesa duen jendea ondarea ezagutzera hurbilduko dute.
Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak nabarmendu duenez, edizio guztietan landutako koherentzia tematikoa eta kultura- eta gizarte-eragileek kanpainetan izan duten konpromisoa eta inplikazioa izan dira Ondarearen Europako Jardunaldiak Bizkaian ekimenaren arrakastaren gakoetako bi, programa Europako kudeaketa-ereduaren erreferente bihurtu dutenak
. Lorea Bilbao Ibarrak, era berean, honakoa adierazi du: iraunkortasuna da aurten ere erakunde antolatzaileek interesez onartu eta jaso duten programaren ardatz nagusia, eta proposamenak 2030 Agendaren helburuetara egokituz jokatu da, garapenaren hiru dimentsioak jorratzen dituen ekintza-plana: ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa, Garapen Jasangarrirako 17 Helbururen bidez. Kanpaina berriak, ezaugarri komun batekin, jarduera sorta zabala erakutsiko du berriro ere: kulturak eta historiaren eta ondarearen ezagutzak giza garapenean duten garrantzia, tokikotik abiatuta gauzak egiteko modu tradizionalak, aliantzak eta komunitatea indartzeko sareko lana, berrikuntzaren, sormenaren eta pentsamendu kritikoaren balioa; guztiak ere ingurumen, ekonomia eta gizarte arazoei irtenbidea emateko beharrezko elementuak
. Bilbao Ibarrak gaineratu duenez gaur aurkezten den programa, azken batean, eredu inspiratzailea da, ondarean iraunkortasunaren erronkari nola heldu erakusten duena. Baina, batez ere, hurbiletik eta tokian tokikotik begiratuta tradizioa, ikerketa eta berrikuntza uztartzen dituen lana da
.
Osasuna, ongizatea eta ingurumena zaintzearen kontzientzia
Programak gure inguruko parajeetatik igarotzen diren ibilbideak biltzen ditu eta toki horien biodibertsitatea ezagutaraziko da, hala nola Gorbeia eta Areatza, Gordexola, Galdames, Urdaibai, Gorliz, Urduña edo Elorrioko Naturbideak zirkuitua. Berrizen, bisita, musika eta zuzeneko bertsoak uztartuko dituzte. Artzentalesen eta Getxon, artea naturarekin lotuko dute sormen-tailerren eta bisita gidatuen bidez. Diman “Dima bost zentzumenekin” tailer parte-hartzailea izango da, udalerrian bizi diren bertako artista, profesional eta ekoizleen ikus-entzunezko elementuen bidez. Ereñon, museoa eta harrobia bisitatuko dira Rober Garay eta Alberto Palomera artistek egin duten instalazio artistikoarekin. Eta Muskizen ibilbidea egingo da Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioko boluntariotza-taldearekin Pobeñako ingurunetik eta paisaia hain berezia osatu duten antzinako meatze-azpiegituren hondakinetatik.
Batzuetan ez ditugu sumatzen paisaian gertatzen diren aldaketa horiek, baina arrastoa utzi dute Lurraldean. Geologoek lagunduta ibilaldiak egingo dira Galdamesen eta Getxoko flyschean, eta Fruizen, ibilaldi gidatuan, milioika urteko basaltozko zutabe berezi batzuk izango dira atentzioa emango dutenak. Halaber, Meatzaritzaren Museoak Urallaga meategiaren bisita antolatzen du, ondare geologikoaz gain meatzariek egiten zuten lan-eremua ezagutzeko.
Kultura-ondarea, identitatea eta komunitate-kohesioa
Herri askok euren kultura-ondare materialari balioa ematen diote eta eraikin erlijioso, zibil edo industrialetako ateak irekitzen dituzte. Hori gertatzen da Abadiñoko ermitarekin, bertako batzar zelaiarekin, Zornotzako eta Busturiako ermitekin edo Arrietako erretaularekin, sute baten ondoren zaharberritu eta lehengoratu dena. Kasu askotan eredugarria izan da herritarrek tokiko ondarea balioesteko eta zaintzeko izan duten inplikazioa. Ildo beretik, Gamiz-Fikako Atxispe baseliza bisitatuko da; antzinatik okupatuta dagoen leku hori estrategikoa izan zen Burdin Hesiaren defentsan.
Baserriek ere badute tartea programan. Landa-inguruneetan kokatutako herri-eraikuntzek biztanlearen eta naturaren arteko harreman orekatua bermatu dute. Zaharrenetako bat, Landetxo Goikoa kasu, esku-hartu eta udal erabilerarako birgaitu dute. XVI. mendeko Kadaltso baserriaz eta etorkizuneko bere erabilera jasangarriaz hitz egingo da Zamudion bisita gidatu eta mahai-inguru batean.
Mañariko Patxikobaso baserrira egingo den bisitak laborantza ekologikoan oinarritutako eredu produktiboa erakutsiko du. Baratze komunitario bat bisitatuko da eta ogia irin ekologikoarekin eta ore amarekin egiten irakatsiko da.
Elorrion Zenitaldekoa baserria izango da Belaze proiektuaren berri emango duena, kasu honetan esperientzia-tailer interaktiboarekin.
Kultura- eta gizarte-askotarikotasuna, dibertsitate funtzionala eta garapen iraunkorra jorratuko dira Agiantza bezalako kolektiboek antolatutako jardueren bidez. Talde honek gizarte-bazterkeria lantzen du eta, kasu honetan, kultura anitzeko topaketa antolatzen du, San Frantziskon erakusketa eta solasaldia eginez; edo San Francisko 34 kolektiboak antolatutako «Diversitours» ibilbide gidatuetan, bisitariak auzoaren historiarekin eta komunitate egoiliarrarekin lotuz; gogorarazi behar da esperientzia horiek ez direla ohiko zirkuituetan gertatzen.
Fekoor, Bizkaiko Desgaitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileak ibilbidea antolatzen du Zorrotzaurren, esparruaren iragana eta oraina azaltzeko eta etorkizun iraunkorrean pentsarazteko.
Getxok era askotako jarduerak eskaintzen ditu eta horietako asko, bisita gidatu eta antzeztuen bidez, Francisca Labroche edo Elvira Larrazabal bezalako emakumeei ikusgarritasuna ematera bideratuta daude. Beste batzuek udalerriko lekuetako toponimoetan sakonduko dute. Andres Isasi Musika Eskolak material birziklatuekin instrumentuak egiteko antolatu duen tailerrak eta kontzertu didaktiko bat izango dira. GJHekin lotutako yinkanak, argazki-lehiaketak… antolatuko dituzte.
Museoak, ikerketa- eta eztabaida-guneak
Museoek hitzaldiak eta eztabaidak eskainiko dizkiote publikoari, Arkeologi Museoan egingo dena kasu, “Egipto en Bilbao a propósito del centenario del descubrimiento de la tumba de Tutankhamon-Egipto Bilbon Tutankhamonen hilobiaren aurkikuntzaren mendeurrenaren harira” erakusketaren barruan. Agustin Azkarate katedradunaren hitzaldiak ikuspuntu kritiko batetik aztertuko du indarkeria kolonialetik sortutako arkeologia eta diziplina inklusibo eta berdinzaleagoak praktikatzeko moduak proposatuko ditu.
Muskizko El Pobal burdinolak hiru proposamen interesgarri antolatu ditu, bere ondare-baliabideen ikerketa eta balioespena bateratzen dituztenak. Esate baterako, Harridunak, Euskal Herriko Mineralogia eta Paleontologia Elkarteko lehendakariak, Jesús María Estebanek, gidatuko duen Burdinolaren bisita, edo Erdi Aroko botere-guneetan emakumearen egoerari eta zereginari buruz Muskizko Liburutegiarekin eta herriko Udaleko Berdintasun Sailarekin elkarlanean antolatutako hitzaldia, kasu honetan Isabel Mellén ikertzailearen eskutik.
Muñatones gazteluan Ana Prestamero arte espezialistak hitzaldia emango du Pablo Uranga margolariaren mihise batetik abiatuta. Bertan Lope García de Salazarren “Bienandanzas e Fortunas” lanaren eszenak batzen dira eta hitzaldian bere tamaina handiko kopia erakutsiko da.
Durangoko Arte eta Historia Museoan emakumeen garbitegietako memoria berreskuratuko da mahai-inguru batean.
Bermeoko Arrantzaleen Museoan Ondarearen Europako Jardunaldiek eskaintzen duten ezagutza-iturri hau aprobetxatuko da kontsumo arduratsu baterantz sentsibilizatzeko. Museoaren tailerren bidez arrantza sistema jasangarriak eta arrain kontserben mundua ezagutaraziko dituzte, eta bertako produktuekin askaria prestatu eta dastatuko dute.
Euskal Herria Museoan Iñaki Gonzalo biologoaren eskutik bisita botanikoak egingo dira eta Jon Ander Urrezti aktore bermeotarrarekin ikuskizun bitxia eskainiko da, “Tribiz. Baserri galdue” obraren bidez 700 urteko antzinatasuna duen familia baserri batera eramango gaituena.
Eraikin zaharrak, erabilera berriak
Jasangarritasuna ondare-balio handia duten eraikin eta egiturei aplika dakieke, ez bakarrik ikuspegi historiko artistiko batetik, baita eraikuntza horiek erabilera publikorako berrerabiltzean biztanleekiko lotzen duen balioagatik ere. Esate baterako, antzinako ospitaleak, jauregiak, lantegiak,… ikastetxe, museo eta abar bihurtuak. Testuinguru horretan bisitaldiak antolatuko dira Balmasedako La Encartadara eta martxan jartzeko bertako ehun-makineria kontserbatu eta zaharberrituaren bildumara. Era berean, horren adibide da Emilio Campuzano Lanbide Heziketako zentroa, Bilboko Atxuriko Ospitale zaharra zena, eraikina ezagutzeko eta zentroak historian zehar izan duen bilakaera azaltzen duten artelanak eta altzariak ezagutzeko. Berrerabilpenaren beste adibide bat Sehaska Etxe zaharra da, Ricardo Bastidaren ehun urtetik gorako eraikin modernista, Urazurrutia kalean dagoena eta orain GJHen Etxe bihurtu dena, berrikuntza sozialerako gunea.
Dolomitas fabrika zaharra museo bihurtu da, eta minerala birrintzeko estazioa gaur egun Armañongo Parketxea da, ingurumen-hezkuntzarako gunea.