Donostiako ‘Oroimenaren Bidea’ bisitaldietarako izena emateko epea zabaldu da

Donostiako Udaleko Eskubide Zibilen Bulegoak berriro jarri du martxan ‘Oroimenaren Bidea’ programa, matxinada militar frankistan hirian gertaturikoa hurbilagotik ezagutarazteko asmoz.

Bisitaldia gidatuko duten bi antzezleek garai hartan donostiarrek bizi izandako uneak kontatuko eta antzeztuko dizkiete ikus-entzuleei, Xabier López Askasibarrek idatzitako gidoiari jarraituz; 1936ko uztailaren 18tik, Errepublikaren aurkako matxinada militarraren egunetik, Donostia frankisten eskuetan erori zen arte.

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Easo plazako kioskoan hasiko da, eta, ondoren, San Jose ikastetxea, Askatasunaren hiribidea, Maria Kristina hotelaren inguruak bisitatu ostean eta Zurriolako zubiaren inguruan amaituko da. Guztira, 1h eta 30 minutu iraungo ditu. Ane Oyarbide Eskubide Zibilen zinegotziak adierazi duenez, “iragana ezagutzea, batzuk ez nahasten saiatzen direnen arren, funtsezkoa da oraina ulertzeko.

Diktadura sufrimendu handia izan zen donostiar gehienentzat, jazarpena, kartzela eta kasu askotan beren bizitzarekin ordaindu zutenak. Ibilbide hauek gure historiaren garai hura erakusten dute, bizitako leku eta gertaera nagusiak”, erantsi du. Doako ibilbidea izango da, Udalak azaldu bezala, eta iraileko larunbatetan antolatuko dira.

Egunean bi saio izango dira, bata eguerdiko 12:00etan eta bestea arratsaldeko 18:00etan. Irailaren 3an eta 17an, euskaraz emango da, eta irailaren 10an eta urriaren 1ean, aldiz, gaztelaniaz.

Emanaldiko 20 pertsonako taldea osatuko da, gehienez, eta aldez aurretik nahitaez izena eman behar da. Izena emateko, webgune honetan sartu behar da: www.komazk.com/erreserbak/DSS-1936.html