Carolina Durante, Patáx eta The Excitements Donostiako Jazzaldian izango dira

Carolina Durante, The Excitements eta Patáx gehitu dira Donostiako 57. Jazzaldiaren programaziora, eta Europako birak bertan behera utzi dituzten Christone ‘Kingfish’ Ingram, Monophonics eta Ural Thomas & The Pain ordezkatuko dituzte, jaialdiaren antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Carolina Durante talde madrildarra, bost urte eskasetan eta bi diskorekin bakarrik, bere belaunaldiko talde garrantzitsuenetakoa da dagoeneko Estatuan. “Haien eragina hain da handia, ezen esan baitezakegu beraiek direla gaur egungo rockaren eta gitarradun poparen berpiztea azaltzeko arrazoi nagusietako bat”, nabarmendu dute. Carolina Durantek doako kontzertua emango du Keler Gunean, uztailaren 22an, 23:30ean, bira bertan behera utzi duen Christone ‘Kingfish’ Ingram ordezkatuz.

Bestalde, The Excitements taldeak hamarkada bat baino gehiago darama soularen eta rhythm and bluesaren soinu klasikoenak berrinterpretatzen eta eguneratzen, eta Europako erreferente nagusietakoa da bere estiloan. Uztailaren 22an arituko da talde katalana, 21:00etan, Keler Gunean, eta uztailaren 23an, 20:00etan, Garberan, Monophonicsen ordez. Azkenik, Patáx taldea ere sartu da 57. Jazzaldiaren programazioan.

Egungo fusio proiektu oparoenetakoa da, flamenkoa, saltsa, folklore afrokubatarra, funka, jazza, soula eta hip-hopa nahasten dituen zuzeneko ikusgarriarekin. Garberan arituko da uztailaren 22an, 20:00etan, eta Ural Thomas & The Pain ordezkatuko du, osasun arazoengatik etorri ezin izan dena. The Excitements eta Patáx taldeen kontzertuak doakoak izango dira, Keler Gunean eta Garberan izango diren gainontzeko emanaldi guztiak bezala