Ertibil Bizkaiaren 40. edizioa abiatu da Bilboko Rekalde aretoan

Ertibil Bizkaia arte bisualen erakusketa ibiltariaren 40. edizioa abiatu da Bilboko Rekalde aretoan, eta 18 artistaren lanak erakutsiko ditu. Bilbon izan ondoren, Basauri, Arrigorriaga, Santurtzi eta Balmasedara joango da. Lorea Bilbao Ibarra Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak aurkeztu du erakusketa ibiltariaren edizio berria Rekalde aretoan bertan, artistetako batzurekin batera.

Foru erakundeak antolatutako erakusketa Bilboko Rekalde Aretoan hasiko da urriaren 12ra arte, eta ondoren, Basauriko Ariz Dorrean (urriaren 17tik azaroaren 6ra), Arrigorriagako Euskaldunberri aretoan (azaroaren 7tik 27ra), Santurtziko Torre jauregian (azaroaren 28tik abenduaren 18ra) eta Balmasedako Horcasitas jauregian (abenduaren 19tik 2023ko urtarrilaren 8ra) egongo da. Erakutsiko diren artelanen artean daude Ertibil Bizkaia 2022ko sarituenak: Alazne Zubizarretaren ‘Clotted Cream’ (lehen saria), Lucia Pedregal/Luchinen ‘Luchinismo. Serie I’ (bigarren saria) eta Mar de Diosen ‘Tres Satori’ (hirugarren saria).

Beste 15 artistaren lanek osatuko dute erakusketa: Xabier Achurra, Izaskun Araluzea Itza, M. Benito Píriz, Lide Mikele Billelabeitia, Leo Burge, Ane Diez de Ulzurrun Rey, Iratxe Esteve Cuesta, Raquel F. Couto, Maider Gonzalo Salceda, Paula Huarte Cosin, Beñat Krolem, Mireya Moral Alzaga, Mikel Serna Bermejo, Amaya Suberviola eta Diego Vivanco.

Lorea Bilbao Ibarrak adierazi duenez, “Ertibili buruz hitz egitea Bizkaiaren arte sorkuntzaz, talentuaz eta berrikuntzaz hitz egitea da, arteaz hitz egitea da. Sortzaile hasiberrien arte espektroaren berritzaileenetarikoa erakusten du. Izan ere, erakusketa ibiltari hau bere 40. ediziora iritsi da eta egungo bultzada sortzailearen tenperatura neurtzeko proiektu gisa finkatu da”.

EGONALDIAK JAPONIAN

Bestalde, Ertibil Bizkaiaren aurreko bi edizioetan atzeratu egin ziren lehiaketaren irabazleak saritzeko Japoniako egoitza artistikoak, covid-19aren pandemiak sortutako egoeragatik. Horregatik, 2020ko, 2021eko eta 2022ko edizioetako saridunek egonaldi artistikoak egingo dituzte aurten. Egun, Japoniara bidaiatu dute 2020an saria jaso duten artistek: Helana Goñi, Maite Leyún eta Daniel Llaria. Era berean, Iñigo Varona, Nora Aurrecoechea eta Natalia Suarez 2021eko edizioaren irabazle gisa joan dira.