Gasteizko jaiak adin guztietarako 400 ekitaldi baino gehiagorekin itzuliko dira

Pandemiaren ondorioz bi urtez ospatu ezin izan ostean, Gasteizko zaindariaren jaiak aurten itzuliko dira. Gaur goizean, Gorka Urtaran alkateak eta Hezkuntza eta Kultura arloko zinegotziak, Estibaliz Cantok, 2022ko Andre Maria Zuriaren jaietako egitarau ofiziala aurkeztu dute prentsaurrekoan.

Alkateak nabarmendu nahi izan du oso jai desiratuak izango direla hauek. “Bi urtez jairik ez izan ondoren, berriro ere itzuliko dira Zeledon, kolorea eta kalean pilatzen den jendearen berotasuna, blusa eta nesken kuadrillak eta familiarekin eta gure lagunekin batera ondo pasatzeko eta dibertitzeko gure-gurea dugun ohitura hori”. Gorka Urtaranek, gainera, bereziki aipatu nahi izan du Udalak prestatutako jai-egitaraua publiko guztientzat pentsatuta dagoela eta guztien laguntza eskatu du “jai jasangarriak konprometituak eta, batez ere, pertsona guztien eskubideei dagokienez errespetuzkoak” izan daitezen. Jaiek ilusioa, jarduera ekonomikoa eta dibertsio handia ekartzen dituzte eta, “aurten, oso modu berezian, Andre Mari Zuria jaien zaindari zibil izendatu zeneko 200. urteurrena. Hain zuzen ere, urteko gure jai-ospakizun nagusi hau ulertu ahal izateko erabakigarria izan zen gertaera hura”.

“Jarduera kopuruari dagokionez, 2019ko programazioa mantendu eta areagotu dugu era guztietako partaideei zuzendutako egitarau anitzarekin. Ekintza horiek guztiak hiriko hainbat tokitan antolatu dira eta haietako batzuk berriak izango dira, guztiontzako erosotasun eta irisgarritasun handiena lortzea baitugu helburu. Hala, 2022ko Andre Maria Zuriaren egitarauak 400 jarduera baino gehiago izango ditu. Gure lehentasuna da pandemiak duela 2 urte lapurtu zigun alaitasuna hiriari itzultzea eta, horretarako, etekin osoa atera diegun 836.000 euroko aurrekontua dugu”, adierazi du Cantok.

Jai-giroa sortzen hasteko asmoz, abuztuaren 4aren aurreko bi asteetan musika-egitarau berezia egongo da, ikuskizun ibiltariekin eta kontzertuekin, eta horien artean, besteak beste, nabarmendu beharrekoa da Anne Etchegoyenek eskainiko duen emanaldia.

Ostegunean, abuztuaren 4an, Zeledon San Migel elizatik jaitsiko da 2022ko jaiei hasiera emateko. Aurtengo jaiek garrantzi berezia emango diete bertako produkzioei eta musika-bandei. Horren erakusgarri dira, esate baterako, honako hauen alde egindako apustuak: Aihotz plazan emanaldia eskainiko duen Harresian Zulo; Peñafloridako Kondearen plazan eskainiko diren haur-ikuskizunetako Bapatean Zirko, Hodei Magoa eta Two Much Circus; Probintzia plazako ‘El Show de la Polaca’ eta txosnen eremuan emanaldia eskainiko duen Soziedad Alkoholika.

Euskararen presentzia ere esanguratsua izango da jai eremuko ekitaldi eta espazio guztietan. Oso-osorik euskaraz izango diren agertoki batzuk egongo dira (Aihotz plazako egitarau osoa, adibidez); baita gune elebidunak ere (haurrentzako egitarau osoa); eta euskarak bere tokia izango du Foru plazan, Izarorekin, eta txosnen eremuan Willis Drummond, Garilak 26 eta Zetak taldeekin; eta umorearen txokoan Antton Telleriarekin eta abarrekin.

Musika

Cantok balio berezia eman nahi izan dio musika-agendari eta kontzertu bikainak nabarmendu behar dira horren baitan. Foru plazan izango dira entzungai kontzertu ezagunenak eta, besteak beste, honako hauek izango dira bertan: ostegunean, abuztuaren 4an, Tanxugueiras Galiziako pandereteiren hirukoteak joko du, eta Mikel Erentxunek ostiralean, hilaren 5ean. Abuztuaren 6ko, larunbateko, gaua rock&rollerako izango da eta dagoeneko Estatu mailan klasiko bihurtu den solista bat izango dugu: Rulo y la Contrabanda. Euskal musikako abeslari nagusietako bat, gazteek asko maite dutena, Izaro, abuztuaren 7ko, igandeko, gauean iritsiko da hirira. Eta, amaitzeko, Foru plazako gauak nazioarteko talde batek agurtuko ditu: Talco musika-banda italiarrak.

Gasteizko jaietako gauetan beste plaza enblematikoetako bat izaten da Aihotz plaza. Bertan, gaueko 00:00etan izango dira kontzertuak abuztuaren 5etik 8ra bitartean Gozategiren, Olatz Salvadorren, Harresian Zuloren eta Neomaken eskutik.

2022ko Andre Maria Zuriaren jaietako musika arloko berritasun esanguratsuenetako bat abuztuaren 6ko, larunbateko, gauean iritsiko da Espainia plazara, ‘Los 40 Classic La Blanca’rekin Jorge Sanchez DJaren eskutik, eta zuzenean emanaldia eskainiko duen Modestia Aparte taldearekin.

Umorea

Aurten, Umorearen Txokoak kokalekua aldatuko du Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategietatik Prado parkera, zabalagoa eta itzalpean dagoen espazioa delako. Aurtengo egitarauak izen entzutetsu ugari biltzen ditu: JJ Vaquero, Iñaki Urrutia, Sara Escudero, Antton Telleria, Axlor Riezu, Sergio Arrospide, Leire Orbe eta Joaquín Pajarón.

Jotak eta barietateak

2022ko jaiek bereziki ondo zainduko dituzte adinekoak eta jarraitzaile sutsuak diren jarduerak ere izango dira. Horietako batzuk dira, adibidez, jotak, eta aurten kokaleku berrian izango dira: Prado parkean.

Barietateen ikuskizunak ere izango dira Probintzia plazan. Egitarauak ‘México lindo, sí señor’en mariatxiak eta erritmo dantzagarriak, David Civeraren kontzertua, ‘Show de la Polaca’ ikuskizun dibertigarria, Nacho de la Rosa y los Hidalgosek Los Panchos taldeari egindako omenaldia eta ‘La Poptelera’ren eskutik 80ko eta 90eko hamarkadetako musika biltzen ditu besteak beste.

Haurrentzako ekintzak

2022an, neska-mutilek haien neurrira prestatutako jaiak izango dituzte, berritasun ugarirekin. Abentura Gunearen kasuan, Prado parkeko ohiko kokalekua aldatu eta Arriaga parkera joango da. Bertan, puzgarriak, jolasak, kirol-pistak, jumping-a eta tirolinak izango dira.

Erosotasun eta espazio gehiago lortu nahian egin den beste aldaketa bat da haurrentzako minidiskoena. Peñaflorida Kondearen plazatik Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategietara igaroko dira.

Edurne eta Zeledon Txiki abuztuaren 7ko 12:00etan jaitsiko dira Andre Maria Zuriaren plazara eta orduantxe piztuko da zoramena txikienen artean.

Ikuskizun piroteknikoak

2022ko jaiek su artifizialen magia berreskuratuko dute, berriro ere Gasteizko gauak argituko baitituzte. Caballer FX (Valentzia), Pirotecnia Pibierzo (Leon), Zarzoso (Castelló) eta Ciels en Fête (Frantzia) izango dira bertan.

Antzerkia

Jaietako egitarauak Principal Antzokian eskainiko dituzten 3 komedia dibertigarri biltzen ditu: abuztuaren 4 eta 5ean, ‘Escape Room’, Antonio Molero, Marina San José, Leo Rivera eta Mónica Pérez aktoreekin; abuztuaren 6 eta 7an, ‘El peligro de las buenas compañías’, Fernando Cayo, Carmen Conesa, Ernesto Arias eta Miriam Montilla aktoreekin; eta abuztuaren 8 eta 9an, ‘El Aguafiestas’, Josema Yuste, Santiago Urrialde, Maribel Lara, Vicente Renovell, Kiko Ortega eta Arturo Venegasekin.

Jai irisgarriak eta jasangarriak

Andre Maria Zuriaren jaiak irisgarriagoak eta jasangarriagoak izan daitezen bermatzeko Kultura Zerbitzuak egindako ahalegina nabarmendu du zinegotziak. Horretarako, arreta berezia jarri dute jaien ingurumen, gizarte eta ekonomia arloetako inpaktuan.

Hala, jaietarako guneak egokitu egingo dira antolatutako ikuskizunetara joaten direnean oztopoei aurre egin behar izaten dieten pertsonentzako sarbidea eta lehentasunezko kokapenetan haien presentzia errazteko.