‘Modelo 77’ filmak inauguratuko du 70. Donostia Zinemaldia

Alberto Rodriguez zinemagile sevillarraren ‘Modelo 77’ izenburuko film luze berriak lehiaketaz kanpo inauguratuko du Donostia Zinemaldiaren 70. edizioa. Espainian trantsizio politikoaren garaian girotutako thriller bat da, eta Miguel Herran eta Javier Gutierrez ditu protagonista, besteak beste.

Film honekin, bosgarrenez hartuko du parte zuzendari espainiarrak Sail Ofizialean, eta irailaren 16an Kursaal auditoriumean egingo den inaugurazio galaren ondoren emango da, Zinemaldiko iturriek jakitera eman dutenez. Benetako gertaeretan oinarrituta, filmak adiskidetasun, elkartasun eta askatasun istorio bat kontatzen du. Ekintza Bartzelonako Modelo espetxean hasten da. Bertan, Manuel (Miguel Herrán) izeneko kontulari gazte bat desfalkoagatiko epaiketa baten zain dago, eta 6-8 urteko zigor bati aurre egin behar dio, zigorra neurriz kanpokoa bada ere egin duen deliturako. Bere zeldakide Pinorekin (Javier Gutiérrez) batera, bat egingo du Espainiak 40 urteko diktadura pairatu ondoren eskuratutako demokraziaren hasieran euren eskubideen eta amnistiaren alde borrokatzen ari diren preso arruntez osatutako talde batekin.

Alberto Rodriguezek (Sevilla, 1971) ‘El factor Pilgrim’ (2000) filmarekin egin zuen debuta; Santi Amodeorekin batera zuzendu zuen film hori, eta lehen aldiz izan zen Donostia Zinemaldian aurkeztu zuenean, aipamen berezia lortuz New Directors sailean. ‘El traje’ (2002) filmarekin, sail berean parte hartu zuen berriro, orduan bakarka. Sail Ofizialean debuta ‘7 vírgenes’ (2005) filmarekin egin zuen, non Juan Jose Ballestak aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi baitzuen.

Ondoren, hiru Goya saritarako izendatu zuten ‘After’ (2009) filma, eta Made in Spain sailean eman zuten, geroago ‘Grupo 7’ Goya sarien 16 kategoriatan hautagai izateaz gain. Zuzendari sevillarra Donostiako lehiaketa ofizialera itzuli zen ‘La isla mínima’ (2014) filmarekin: 10 Goya sari eskuratu aurretik, Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra eman zion Javier Gutierrezi eta Argazki Onenaren Epaimahaiaren Saria Alex Catalani. Horren ondoren, berriro lehiatu zen Zinemaldian ‘El hombre de las mil caras’ (2016) filmarekin; Eduard Fernandezek Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen film horri esker. ‘La peste’ (2017) telesaila aurkezten ere izan zen Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpo.