Kike Amonarriz Euskal Filologian lizentziadun, soziolinguista eta telebista aurkezle tolosarra da. Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria da 2019tik, eta, bertan, buru-belarri ari da euskara sustatzeko lanean.
Aurtengo Topaldiak kultura eta euskaltzaleek arlo horretan jokatzen duten rola izan du eztabaidagai. Zer balorazio egiten duzu jardunaldiaz?
Positiboa oso. Egin kontu, euskara elkarteak eta Topagunea euskararen erabilera bultzatzeko sortu genituela eta sorrera beretik kulturgintza sustatzeari ekin geniola. Eta hori ez zen kasualitatea izan, erabaki kontzientea baizik, gure ustez, batak bestea gabe ez baitute etorkizunik.
Argi dugu hizkuntza eta kultura sistema bereko osagaiak direla. Biak dira ezinbesteko, hiztun komunitatea osasuntsu mantentzeko, komunikaziorako, sorkuntzarako, eta, azken batean, bizitzeko.
Topaldian hainbat gako agertu ziren: euskalgintza eta kulturgintza saretu eta sinkronizatzearen garrantzia, gure hiztun komunitatean eta ekosisteman ardaztutako estrategiak eta politikak eraiki beharra, kultur eragileen arteko elkarlana, erakundeen inplikazio eta sustengua… Eta ikuspegi sistemikoa landu beharra, sortzaileak, plazak, hartzaileak eta sustapena aintzat harturik.
D ereduan ikasi duten gazte-heldu askok, euskara ama hizkuntza ez duten arren, euskara maite eta menperatzen dute. Baina beren egunerokotasunean gaztelania erabiltzen dute. Nola alda daiteke hori?
Batez ere, ingurunean euskaraz eroso egiteko aukerak ugalduz. Hau da, aisialdirako zerbitzuak eta eskaintzak euskaraz izan daitezen bermatuz (kirola, musika, ikuskizunak…), etxeetan eta familietan euskararen presentzia sustatuz, sare sozialetako eta ikus-entzunezkoetako eskaintza ugalduz, “Pantailak euskaraz” ekimenetik bultzatzen ari garen bezala, eta inguruko euskaldunek ahalik eta gehien erabiliz: lehen hitza, establezimenduetako errotuluak…
Eta horrekin guztiarekin batera, euskara erabiltzeko egon daitezkeen bestelako oztopoak gainditzeko gaiaz hausnartuz eta eztabaidatuz eskolan, elkarteetan edo lokaletan: lotsak, konplexuak, ezagutza-mugatuak eta hanka sartzeko beldurrak gainditzeko, ingurune erdaldunetako hiztun gazteen hizkuntza-kontzientzia lantzeko eta autoestimu linguistikoa indartzeko.
Zuk gaztetan zure ingurukoekin gaztelaniaz hitz egiten zenuen, eta aldatu egin zenuen euskarara. Zaila izan al zen aldaketa hori?
Uste baino errazagoa. Nire euskara nahikoa kamustuta zegoen, baina ohartu nintzen erabiltzea dela ikasteko modurik onena (eta ez dakizuna kontsultatzea). Hasieran oso arraroa egiten zitzaidan beti erdaraz egin nuen hainbat lagunekin euskaraz egitea, baina, naturalak egiten ez zitzaizkigun egoera haietan, erraz pasatu ginen euskara gure arteko erabilera-hizkuntza naturala izatera. Ahalegin bat eskatzen du, baina lor liteke.
Nola lortu daiteke haurrek eskolatik kanpo, aisiaren esparruan, euskara presenteago izatea?
Uste dut erantzukizun handia dutela, bai udalek eta baita era guztietako elkarte eta talde antola tzaileek ere. Eta ikastetxeek ere bultza dezakete aldaketa horretan. Gero eta gehiago dira euskara dakiten haur eta gazteak, eta eremu zabaletan euskararen ezagutzaren unibertsalizaziora iritsi gara ia. Unea iritsi da jauzi kuantitatibo handia emateko eta aisialdiko eskaintza euskalduntzeko.
Zure ustez, zer erantzukizun-maila dute hedabideek euskararen egungo egoera kezkagarriarekin?
Euskarazko eskaintza atzetik doa. Dagoen ulermen mailarekin eskaintzak handiagoa beharko luke, bai telebistetan, bai prentsan edo irratietan, edo ikus-entzunezkoetan. Eta Espainiako Ikus-entzunezkoen Legearen eztabaidan ikusi dugun bezala, eta Europako Hizkuntza Gutxituen Kartak adierazten duen bezala, eran tzukizun hori estatuena ere bada.
Zeintzuk dira euskararen erronkak egungo ingurune globalizatuan?
Ez da erraza galderari labur erantzutea, baina ardatz nagusi batzuk aipatuko ditut:
•Euskal herritarren artean euskararen aldeko jarrera eta atxikimendua indartzea, bereziki aurkako jarrerak indartsuen dauden eremuetan.
•Hizkuntzaren biziraupena eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak Euskal Herri osoan bermatuko dituzten legezko babesa eta hizkuntza-politikak.
•Euskararen transmisioa bermatu, ezagutza zabaldu eta ulermena unibertsalizatzea.
•Euskararen erabilera areago tzea gizarte-bizitzaren esparru desberdinetan.
Orain, zein proiektutan ari zarete lanean Euskaltzaleen Topagunean?
Euskara elkarteen sarea indar tzen eta hedatzen, aktibazio sozial iraunkorra ezinbestekotzat jotzen dugulako hizkuntza-normalizazioari begira. Eratu berri dugun Kukulaisi federazioaren bidez kalitatezko aisialdi-eskaintza bermatu eta hedatzeko estrategia antolatzen. Kulturgintzan, mintzalagunekin, etorri berriak euskarara hurbiltzeko egita smoekin… eta, nola ez, datorren Euskaraldia prestatzen. Eta euskara elkarte bakoitza bere dinamikarekin, noski.