Leioako Umore Azokan proposamenak aurkezteko epea azaroaren 25ean amaituko da

Leioako Umore Azokan parte hartzeko proposamen artistikorik aurkezteko asmoa baduzu, arin ibili behar zara. Zeren eta zure ikuskizuna azoka garrantzitsu honetan ikusi nahi baduzu, azaroaren 25a baino lehen aurkeztu behar duzulako.

UNAI GANDARIAS/ Urtero, kaleko artistek ezinbesteko topaketa dute Leioako herrian: hogeita bat azken urteotan etengabe han ospatu den Umore Azoka ospetxua. Azoka Euskal Herri mailan antolatzen den nagusienetarikoa da. Zerbaitegatik urtero 50 talde eta konpainia elkartzen dira Bizkaiko herri unibertsitarioan, eta beren abileziak milaka ikusleen aurrean eskaintzen dituzte.

Hori horrela, XXI. edizioa 2020ko maiatzaren 14tik 17ra ospatuko da, baina antolatzaileek aspaldidanik lanean dihardute jaialdi garrantzitsua abian ipini ahal izateko. Eta proposamen artistikoak aurkeztu nahi dituzten taldeek azaroaren 25a baino lehen azokaren antolatzaileei helarazi beharko dizkiete beren egitasmoak.

Izen-ematea http://www.umoreazoka.org/izena-ematea/ webgunean egin behar da nahitaez, eta parte hartu nahi duten konpainiek aukeraketa artistikoaren irizpideak eta hitzartutako parte hartzeko baldintzak irakurri eta onartu beharko dituzte, eta sareko formularioan eskatzen diren datu guztiak bete. Ikuskizun bat baino gehiago aurkezten dutenek, jarduera bakoitzaren izena eman beharko dute, egitasmoaren nondik norakoak zehatz-mehatz azalduz.

Halaber, konpainiak sarbide bat jasoko du, dokumentazioa bidaltzeko: konpainiaren eta ikuskizunaren infomazio dosierra; ikuskizunaren dosier tekniko eta artistikoa; aurkeztuko duen ikuskizunaren emanaldien egutegia, estreinaldia ez baldin bada; ikuskizunaren lau argazki; ikuskizunaren ikus-entzunezko materiala eta adierazgarria iritzitako bestelako material osagarria. Aurkeztu den proposamenaren dokumentazio zehatzena eta egokituena helarazi beharko da, informazio hori izango baita baliagarri balioztatzeko eta aukeraketa artistikoa egiteko.

Proposamen artistikoak aurkezteko epea bukatutakoan, ez bada jaso eskatutako dokumentazio guztia, eskaera deuseztatu egingo da. Idatziz erantzungo zaie aukeratutako konpainiei zein aukeratuak izan ez direnei, eta eskaerak aurkezteko epea bukatuta 60 egun pasa baino lehen erantzungo zaie.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude