Askari eta hamaiketako osasuntsuak prestatzeko hitzaldi-tailerra antolatu dute Donostian

Lucia Ucar dietistak Nola elikatu modu osasuntsu eta jasangarri batean izeneko hitzaldi-tailer teoriko-praktikoa egingo du hilaren 9an, ostegunean, Aieteko Kultur Etxean, arratsaldeko 18:00etan. Cristina Enea Fundazioak eta Donostiako Udalak elikadura jasangarriaren inguruan martxoan abian jarritako On Ekin ekimenaren baitako ekintza da. 

Lucia Ucar dietistaren arabera, “normalean, askari eta hamaiketakoetan, gailetak eta opilak izan ohi dira nagusi, batik bat haur eta gazteenen artean, baina egon badago alternatiba osasuntsurik. Elikagai ultraprozesatuak baztertzen saiatu behar gara, eta hitzaldian azalduko dugu zergatik diren horren kaltegarriak, alternatibak aurkeztearekin batera”.

Ucarren hitzaldiaz gain, oinarrizko sukaldaritza tailerra ere izango da eta bertako eta garaiko produktuekin askari osasuntsuak egiten ikasiko dute parte-hartzaileek. Klabe garrantzitsuak eta zertzelada interesgarriak emango ditugu, guztia oso modu ulerkorrean eta entretenigarrian, beraz, interesa duen edonori parte hartzeko gonbidapena egin nahi diogu, gaineratu du.

Izena emateko irekita www.cristinaenea.eus webgunean. Bi orduko iraupena izango du saioak, eta bost euroko fidantza ordaindu beharko da. Bertaratzen direnei kontsumo arduratsuko Saretuz sareko saltokietan trukatzeko bono gisa itzuliko zaie jarritako dirua.