Game Erauntsiak Flipon puzzle abentura euskaratu du

Game Erauntsia Elkarteak Flipon puzzle abentura euskaratu du. Modu horretan, ordenagailuetan (Steam bidez), Nintendo Switch kontsolan zein Android eta iOS gailu mugikorretan aurkituko dugu gure hizkuntzan. Damien Mayance garatzaileak 2020an estreinatutako puzzle bideojokoa euskaratu du Game Erauntsia Elkarteak. PC, Switch, Android eta iOS plataformetan joka dezakezu gure hizkuntzan.

Panel de Pon edo Tetris Attack erako bideojokoa da Flipon. Koloreetako blokeak elkartzea izango da helburu nagusia: kolore bereko hiru lerrotzerakoan hauek desagertu egingo dira, puntuak eskainita. Mugimendua mugatuta egongo da baina blokeak albokoekin lekualda ditzakegu soilik.

Gakoa erabaki aproposak hartzea izango da, baina azkar ibili beharko gara. Izan ere, blokeren batek sabaia joz gero, partida bukatuko da guretzat. Hori bai, zorionez, Fliponek hainbat laguntza eskainiko dizkigu: adibidez, konboak lortzerakoan blokeen igoera geldiarazi egingo dugu, hurrengo mugimendua prestatzeko denbora eskainita. Gainera, blokeak desagerrarazteko sei eraso berezi erabiltzeko aukera edukiko dugu hauen barra betetzerakoan.

Modalitate anitzak proposatzen ditu. Nola ez, istorio joko mota ezberdinak daude, eta bost mundutan banatutako 75 mailek erronka desberdinak aurkezten dituzte. Horien artean, nabarmentzekoak dira buruzagi zitalen aurkako borrokak.

Halaber, bideojokoa 2020an kaleratu bazen ere, eguneraketen bidez berritasunak gehitzen jarraitzen du. Horrela, euskara inplementatzeaz gain, partida askea, oreka aldaketak, zuzenketak zein mailetatik jauzi egiteko aukera gaineratu ditu. Beraz, Flipon euskaraz goza daiteke dagoeneko PCan, Switchean eta Android zein iOS gailu mugikorretan.