ITXARO BORDA IDAZLEA ETA ANDRES ALBERDI HIZKUNTZALARIA, EUSKALTZAIN OSO IZATEKO HAUTAGAI

Azaroko Osoko bilkuran jakingo da Xarles Videgain eta Andoni Sagarna euskaltzain emerituen lekuak zeintzuk hartuko dituzten

Gaur, Euskaltzaindiaren Gasteizko ordezkaritzan (Etxezarra eraikina) egin den Osoko bilkuran, Itxaro Borda idazlearen eta Andres Alberdi hizkuntzalariaren izenak aurkeztu dira euskaltzain oso izateko hautagai. Gogoratu behar da Xarles Videgain eta Andoni Sagarna emeritu izatera igaro zirela uda aurretik, eta uztailaren 22an zabaldu zela bi-bien hutsuneak betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Euskaltzale lapurtarrak ekainaren 30ean 75 urte bete zituela eta, euskaltzain emeritu bilakatu zen, Euskaltzaindiaren barne-arauek xedatzen dutena aintzat hartuta. Beste horrenbeste gertatu zen Andoni Sagarnarekin; Donostiako euskaltzain osoak uztailaren 11n bete baitzituen 75 urte.

Horretara, Akademiaren arautegiak agintzen duen moduan eta euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna erdietsiz gero, azaroko Osoko bilkuran egingo den bozketatik aterako dira euskaltzain oso berrien izenak.