Guk Ere Bai, Bilboko haurren artean euskara sustatzeko ekimena

Haurrek ikasketak euskaraz egiten dituzte baina behin ikastetxetik irten eta gero, euskara ‘galdu’ egiten da eta txikiak guraso, lagunekin… ez dira euskaraz mintzatzen. Arazo honi irtenbide bat emateko, Bilbon, Guk Ere Bai sortu dute. Bi fase izango ditu proiektuak. Izan ere, kontzientziazioa hedatu nahi dute. Horretarako, hainbat antzerki eta ekintza antolatu dituzte, eta ikastetxeei parte hartzeko hainbat proposamen luzatu dizkiete.

Lehen faseko proposamenak igandean bertan hasi ziren eta hurrengo hitzordua azaroaren 6an izango da, ‘Zu eta ni sudurluze bi’ antzerkiarekin. Berriz, azaroaren 20an, ‘Maddi pirata’ antzezlan musikalaren txanda izango da. Hauek Kafe Antzokian izango dira ikusgai, bost euroren truke. Lehen fase honi abenduaren 3an emango zaio amaiera, Euskararen Egunean. Horrela, 17.00etan, kalejira egingo da, Plaza Berrian hasi eta Kale Nagusian amaituz. Ondoren, 18.00etatik aurrera, BBK Aretoan, haur jaialdi erraldoia izango da. Bertan, pailazoak, Yogurinha Borova, ‘Mugi zaitez’ disko festa eta Eleder Magoaz gozatzeko aukera izango da.

Bestetik, bigarren fasea, urtarrilean hasiko da. Lehen fasearen azterketa bat egingo dute eta galdera bati erantzutea izango da helburua: ‘Zer egin Bilboko haurrak euskaraz bizi daitezen?’. Hogei pertsonako talde zabal bat osatu eta galdera horren inguruan hausnartuko dira.

Euskara ezin da ikastetxe barruan gelditu. Kalean bere oihartzuna entzun behar da. Guk Ere Bai osatzen duten eragileek diote Bilboko euskararen erabilera «tamalgarria» dela. Beraz, arazoari irtenbide bat aurkitu nahian, mota honetako proposamenak baliagarriak izan daitezke.