Menorca, arrantza herriak eta ametsetako kalak

Menorca Espainiako uharte bat da, Mediterraneo itsasoan kokatua, Balear Uharteetako artxipelagokoa. Hondartza zabalak ditu, kilometro askotako hareazko dunak, eta turkesa koloreko urak dituzten kala harritsuak. Mahon, hiriburua, i­tsaslabar batean dago, portu handi batera begira, eta georgiar estiloko jauregiak eta XIII. mendeko eliza bat ditu. Bere ingurumen-aniztasuna eta bere balio naturalak direla-eta, UNESCOk Menorca Biosferaren Erreserba izendatu zuen 1993an.


Menorca oporretarako leku aproposa da, batez ere udazkenean. Urrian, irlaren tenperatura 20 gradu ingurukoa da. Bere edertasun naturalaz gain, Menorcak ondare historiko handia du, arrantzaleen hiri eta herrietako alde zaharretan kontzentratua, baita uhartean zehar banatutako historiaurreko aztarna interesgarriak ere.
Bertako hiriburu Mahonek portu natural eder bat du paseatzeko, eraikini zoragarri batzuk ikusten diren bitartean. Kokapen pribilegiatuan dagoen hiri turistiko honek erdigune historiko polita du, eta, bertan, oraindik ere, eraikinen fa­txadetan, britainiar kolonia izandako garaiko aztarnak ikus daitezke. Bertako tokirik aipagarrienen artean, udaletxea eta San Roc bastioia daude, hiria inguratzen zuen antzinako harresiaren hondarra.
Uhartearen mendebaldeko muturrean kokatua, Ciutadella, uhartearen antzinako hiriburua izan zen. Erdigune historikoko kalexketan barrena galdu gaitezke, non txoko xarmangarriak aurki baitaitezke, hala nola Borne plaza, Ses Voltes plaza edo Mercat des Peix plaza, baita eraikin historikoak ere, besteak beste, San Nikolas gaztelua.
Katedrala Ciutadellako punturik altuenean dago, gotiko estilokoa, XIII. eta XIV. mendeen artean eraikia.


Binibeca Vell arrantza-herria
Hiriburutik 10 kilometrora, Menorcako hegoaldeko kostaldeko urek bustitako herri txiki hau dago. Binibeca Vell etxe zuriz osatutako arrantza-herria da, eta bakea da nagusi bertan. Kalexka labirintekoek eta etxe kareztatu ederrek Menorcan ikusteko herri politenetako bat bihurtzen dute leku hori. 1972an eraiki zuten, arrantzaleen herri zahar bat erreproduzituz, eta 165 etxez osatutako urbanizazio hau Menorcako atrakzio turistiko bisitatuenetako bat bihurtu da. Kaleak isilik zeharkatu ondoren, fatxadetatik zin­tzilik dauden kartel askotan ida­tzitako esaldia betez, komeni da ibilbidea Sant Lluis inguruko ur kristalinoen kala txikiren batean amaitzea, eguzki-sartzea ikusteko.
Gastronomia
Otarrainxka-galdara da, zalantzarik gabe, uharteko platerik ospetsuena. Barazki frijituen salda bat da, ogi xerra txigortuarekin, baratxuriarekin eta otarrainxkarekin egina. Oliaigua olio, tomate, piper berde eta baratxuriarekin egindako zopa gozoa da. Hango hestebeteen artean, Mahon gazta, Mahon-Menorca Jatorri Deitura duen erreferentea, eta gainerrea nabarmentzen dira. Postreen artean, entsaimada da, zalantzarik gabe, ospetsuena. Pastissetak, Duquesitak, Menorcako galleta tipikoak edo Carquinyolak ere ezagunak dira, almendraz egindako pasta gozo eta kurruskariak.