Garrantzitsua da gure haurrak eta nerabeak oso goiz hastea Uxue Alberdi, Patxi Zubizarreta, Miren Agur Meabe eta Pello Añorga bezalako egileekiko interesa erakusten. Eta, horretarako, oso motibagarria da gurasoek edo tutoreek mota guztietako azoketara horiek eramatea, literatura mota horretara ohitzen joan daitezen. Hitz egiten ari garenaren adibide ona da datorren ostiral eta larunbatean, urriaren 7an eta 8an, Lapudiko Sara udalerrian antolatuko den Ikusi-Mikusi Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Azoka, ‘Gure xaharrak’ izango duena gai nagusi.
Urriaren 7a eskolen eguna izango da, eta 8a, berriz, familiena. Hala, Kiribil konpainiak, Pamiela argitaletxeak eta Galtzagorri elkarteak antolatutako bigarren liburu azoka honek egitarau aberatsa izango du familia, haur, gazte zein profesionalentzako ekintzekik.
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, Ikusi-Mikusi azoka jendartean dagoen behar bati erantzuteko jaio zen 2021ean: euskarazko haur eta gazte literaturaren inguruan Euskal Herri osoko ikasle, familia, sortzaile eta profesionalak elkartzea.
Bada, lehenbiziko edizio arrakastatsuaren ondoren, bigarrena dator orain. Azoka 10.00etatik 19.00etara egongo da zabalik bi egunotan, eta egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek, besteak beste, ikuskizunak, idazle eta ilustratzaileekin topaketak, 3-12 urteko haur eta gaztetxoentzat sormen tailerrak eta erakusketak. Esan bezala, ekintzetako asko azokaren gai nagusia izango den ‘Gure xaharrak’ gaiari lotuta egongo dira.
Saioak eta mahai inguruak
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, euskal haur eta gazte literaturako egile esanguratsuenetako batzuen saioez gozatzeko aukera izango da Saran, eta erakusketen artean, Galtzagorri elkarteak OEPLI eta IBBY erakundeekin elkarlanean prestatutako ‘Silent Books’ ikusi ahal izango da. «Bertan, munduko album mutu onenak esku artean izateko parada izango dute bisitariek», esan dute.
Euskal Herriko lurraldeetako ikastetxeetako haur taldeak bertaratuko dira ikasleei eskainitako lehen egun horretan. Gainera, gerturatuko den haur bakoitzak bonu bat jasoko du, liburuak eskuratu ahal izateko. Ostiral horretan arratsaldez, profesionalentzat ere egongo da lekua, ‘Haur eta gazte literaturan euskaraz sortu, ala itzuli?’ gaia jorratuko baitute zenbait egile eta profesionalek mahai inguru batean.
Bigarren egunerako, berriz, bisitan joan nahi duten familientzako ekintza ugari prestatu dituzte antolatzaileek. Bestalde, bi egunetan zehar, Euskal Herriko argitaletxe desberdinen standak ere paratuko dira azokan.