GazteNek Berri, lehen sektorea modernizatzeko programak 26 gazteren parte hartzea izango du

Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek lehen sektorea gaztetzeko eta modernizatzeko abian jarritako Gaztenek Berri programak 26 gazteren parte hartzea izango du. Egitasmoa Mondragon Unibertsitatearen lankidetza pedagogikoarekin egingo da, eta enpresa kudeaketari, digitalizazioari eta berrikuntzari buruzko prestakuntza zabaldu nahi dute sustatzaileek.

Jaurlaritzak eta hiru aldundiek Gaztenek programa jarri zuten abian 2004. urtean, gazteak lehen sektorean eta landa munduan sar daitezen errazteko. Orain, Mondragon Unibertsitatearen lankidetza tekniko eta pedagogikoarekin, programa modernizatu egin da, egungo beharretara egokitzeko.

Programa berriaren bidez, parte hartzen duten gazte guztien artean enpresa kudeaketa, digitalizazio eta berrikuntzaren inguruko prestakuntza zabaldu nahi dute, sektoreko eta inguruko erronka eta beharrei erantzuteko jakin-mina eta gogoa pizteko. Proiektuak gero eta berritzaileagoak izatea, balio erantsi handiagoa sortzea eta etorkizun ikuspegia duten pertsonek gidatzea lortu nahi dute. Gainera, sustatzaileek beharrezkotzat jotzen dute nekazaritza ekintzailetzari laguntzeko ekosistema sentsibilizatzea eta kualifikatzea, arreta 2023-2027 aldi berrian jarrita. Horrela, Gaztenek Berri egitasmoak lehen sektoreko ekintzailetzak motibatutako gazteak bilatzen ditu, ekimenarekin eta taldean esperientzia berriak bizitzeko gogoarekin, tresna, metodologia eta ekimen berritzaileak aurkituz.

Bada, guztira, 26 gaztek erabaki dute heziketa erronka berrian parte hartzea: Arabako hamaikak, Bizkaiko seik eta Gipuzkoako bederatzik. Helburua da lehen sektorea gaztetzea eta modernizatzea, eta horretarako XXI. mendeko erronka berriei aurre egiteko tresnak eskainiko zaizkie, hala nola enpresa kudeaketa, nekazaritza eta abeltzaintza lanaren digitalizazioa edo arlo horretako teknika eta berrikuntza berriak.

METODOLOGIA

Programan aplikatuko den metodologia Mondragon Unibertsitateko MTA izango da (Mondragon Team Academy), zeinaren gakoa den “eginez ikasi” kontzeptua. Horrela, aurkezten diren proiektu ekintzaileetan oinarrituko da ikaskuntza, eta prozesua programa baten bidez garatuko da. Programa horretan, besteak beste, sareko saioak egingo dira, sektorearen problematikak ulertzeko, etorkizuneko joerak ezagutzeko eta berrikuntza tresnak aurkitzeko. Programak berariazko mentoretza saioak ere izango ditu.

Horrez gain, “ikasketa bidaiak” ere egingo dira; lehen sektoreko inguru berritzaileak ezagutzeko esperientziazko saioak izango dira, eta, inspiratzeaz gain, kontaktu sarea handitzen lagunduko dute eta talde lan dinamika sustatzeko espazio informalak eskainiko dituzte.

2004-2022

Gaztenek programa 2004ean jarri zen abian. Eusko Jaurlaritza eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak buru izan ziren, sektoreko eta tokiko eragileen laguntzarekin, eta orduz geroztik laguntza eskaini du ideiak sortzeko fasean, bai eta enpresa sortzeko eta proiektuak finkatzerako ere. 2004tik 2022ra, landa inguruan eta lehen sektorean sartzen lagundu dio 919 pertsonari eta beren enpresa proiektuei (Bizkaiko 353ri, Gipuzkoako 306ri eta Arabako 260ri).

Horietatik, 325 emakume eta 594 gizon izan dira, eta adin tartea, oro har, 25 eta 40 urte artekoa. Azpisektoreka, 476 pertsona nekazaritzan sartu dira (bereziki baratzezaintzan, frutagintzan eta ardogintzan), eta 443 abeltzaintzan (oro har, esnetarako eta haragitarako behiak eta ardiak). Aldi berean, onartutako proiektuetatik, 175 inguruk ekoizpen ekologikoa edo integratua garatzen dute.