Ekainean UEUfestak izango dira Euskal Herriko ia hiriburu guztietan

Udako Euskal Unibertsitearen (UEU) Udako Ikastaroek 50 urte beteko dituzte aurten eta horiek hasi aurretik UEUfestak izango dira ekainean Euskal Herriko ia hiriburu guztietan. Tokiko ikertzaile gazteen mikro-hitzaldiak, ikertzaile beteranoen aurkezpenak, musikak eta bertsoek jantziko dituzte ekitaldiok.

UEUren komunitatea bildu, omendu eta ospatzea da helburua. UEUtik adierazi dutenez, unibertsitate munduan askotan ekitaldiak oso seriotik egiten dira gauzak, eta, nahiz eta horrelakoak ere egin behar diren, “UEUren izaera gertukoa eta herrikoia islatzen duen zerbait” egin nahi izan dute, “elkartu, ospatu eta UEUko komunitatea omentzeko ekitaldi bat”. Horrela, UEUren bazkideak eta lagunak Euskal Herri osoan zehar daude, eta nazio ikuspegia duen erakundea izanik, zenbait hiriburutan UEUfestak antolatu ditu.

Ikertzaile gazteen mikro-hitzaldiak, bertsoak, musika, zizka-mizkak eta sorpresaren bat gehiago ere izango da. Bertan parte hartu nahi duenak komunikazioa@ueu.eus helbidera bidali dezake mezu bat. Hain zuzen, lehen UEUfesta Eibarren izango da, UEUren Ikastetxe Nagusian, ekainaren 1ean; biharamunean, ekainaren 2an, Donostiako Teila fabrikan egingo da bigarrena, eta ekainaren 7an hirugarrena, Iruñeko LABAn.

Bilboko BIRA Guneak ere izango da UEUfesta, ekainaren 9an, eta Gasteizko ZAS espazioak hartuko du hurrengoa, ekainaren 15ean. Bukatzeko, Baionako Kalostrapen egingo da azken jaia, ekainaren 16an. UEUren 50. Udako Ikastaroetan izena emateko epea jadanik irekita dago eta ikastaroa hasi baino astebete lehenago arte egin ahal izango da matrikula. Ahalik eta jende gehienak parte har dezan, jardunaldi guztiek hamar euroko prezioa izango dute.