Hemen da Gasteizko Antzinako Liburuen azoka!

Urrezko Zeledonen Plaza izango da Gasteizko Antzinako Liburuen 27. edizioaren agertokia, bihartik, maiatzaren 20tik, ekainaren 5era arte. Hala jakinarazi du Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak Txema Sandova azokako arduradunarekin batera egindako prentsaurrekoan.

“Ekitaldi honek bat egiten du Liburutegien Udal Sarearen irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin. Horregatik, Kultura Zerbitzutik erabilitako liburuak eta liburu zaharrak sustatzeko proposamena babesten dugu, bai eta bildumazaletasun bibliografikoa ere”, adierazi du Cantok.

Urrezko Zeledonen plazak 6 stand hartuko ditu guztira, eta benetako bitxi bibliografikoak erosteko aukera egongo da 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 21:00etara. Sekhmet liburu-denda, Asilo del Libro, Valentziako Torres liburu-denda, Ela liburu-denda, Hamburgo liburu-denda eta Maxtor liburu-denda izango dira bertan.

Udalak espazio publikoa doan eskainiko du egunetan horietan azoka egin ahal izateko, bai eta muntatu eta desmuntatzeko egunetan ere. Gainera, Kultura Zerbitzuaren dirulaguntzen deialdian onartuko den zenbatekoa emango dio.

Euskadiko Liburu Zaharren Enpresarien Elkarteak (ALVE) antolatutako proposamena beste hiri batzuetan ere izango da, hala nola Iruñean, Donostian edo Bilbon.