Izaskun Landaida Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak dei egin die herritar guztiei martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta antolatutako ekitaldietan “modu aktiboan” parte hartzera.
Bere iritziz, M-8ko ekitaldietan parte hartzea “bereziki garrantzitsua” da, “berdintasunerako une erabakigarrian gaudelako, covid-19ak eragindako krisiaren ondorioekin, emakumeek ondorio latzenak jasan dituztelako, eta, bestetik, eskuin muturretik datozen berdintasunaren aurkako diskurtsoak indarrez azaleratzen ari direlako”.
Ildo horretan, egunero emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko berdintasunezko gizarte bat eraikitzearen alde lan egitera animatu ditu herritarrak, “bakoitzak gure espazioetatik”, eta, Martxoaren 8a bezalako aldarrikapen egun batean, “berdintasunaren aurkako diskurtsoei aurre egin eta erantzun sendoa ematera, horrela erakutsiz euskal herritar gehienak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde daudela eta ez dutela onartuko atzerapauso bat bera ere lortutako eskubideetan”.
Emakundeko zuzendariak mugimendu feministak Bilbon antolatutako manifestazioan parte hartuko du gaur. Jesusen Bihotza plazatik abiatuko da, 19:30ean.