STEAM Euskadi sarien II.edizioak 137 hautagaitza jaso ditu

STEAM Euskadi sarien bigarren edizioak 137 hautagaitza jasota bukatu du izena emateko epea. Kopurua aurreko urtean jasotakoa baino handiagoa da, orduan 133 hautagaitza izan bitziren. Hezkuntza zientifiko-teknologikoko euskal jardunbide onenak aitortzen dituzte sariek. Eusko Jaurlaritazko Hezkuntza Sailak sortu ditu STEAM Euskadi sariak, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin, zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta matematikako bokazio goiztiarrak sustatzen dituen hezkuntza eredua bultzatzeko jardunbide onenak saritzeko asmoz.

STEAM Euskadi Sariak Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako batekin lerrokatzen dira, hau da, STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics hitzen akronimoa) hezkuntzaren ezarpena sustatzea ikasleen gaitasun zientifiko-teknologiak hobetzeko, bereziki gazteenen eta nesken artean. Ildo horretan, STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategiak hainbat ekimen jarri ditu abian Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako hainbat ikastetxerekin, eta enpresak, enpresa elkarteak, ikerketa institutuak, Euskadiko hiru unibertsitateak eta beste eragile batzuk aritzen dira lankidetzan. Ekimen horien artean nabarmentzen da STEAM Euskadi sarien sorrera, jardunbide onenak jendaurrean aurkezteko, hala euren eraginagatik eta berrikuntza mailagatik, nola neskatoak, neskak eta emakumeak diziplina horietara erakartzeko gaitasunagatik.

Sariak bi kategoriatan banatzen dira: ikastetxeek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimen berritzaileena eta beste erakunde batzuek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimen berritzaileena. Sariek 12.000 euroko diru zuzkidura dute: kategoria bakoitzeko proposamen irabazleak 3.000 euro jasoko ditu, eta bigarrenak 2.000 euro; genero ikuspegia kontuan hartuko duten proposamenek aipamen berezia jasoko dute, eta bakoitzak 1.000 euro. Aurten aurkeztu diren 137 hautagaitzen artean, DBHko ikastetxetatik (85), Batxilergotik (22), Lehen Hezkuntzatik (22) eta Haur Hezkuntzatik datoz (13), publikoak (41) zein pribatuak (44). Gainerakoak, Lanbide Heziketako zentroek (14), enpresek (12) eta unibertsitateek (11) aurkeztu dituzte.

Azkenik, beste 15 hautagaitzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko hainbat eragilek sustatu dituzte, besteak beste, administrazioek, fundazioek edo elkarteek. Hautagaitzak jaso ondoren, ebaluazio epea hasiko da, eta irabazleen izenak jakinaraziko dira gero.