Nobedadeekin hasiko da ‘Plazandreak’ saioaren bigarren edizioa

Gaur hasiko da Plazandreak jaialdiaren bigarren edizioa ETB-1en eta eitb.eus-en. Saioak iaz irekitako bide beretik joan nahi du, baina lehiaketaren dinamika indartzen duten berrikuntza batzuk ditu. EITBk astelehen gauero emakumezkoen pilotaren aldeko apustua egingo du berriro uda honetan. Pilotariez gain, aurkezleak eta esatariak emakumezkoak izango dira.

Plazandreak-en bidez, EITBk emakume kirolariekin eta pilotaren munduarekin duen konpromisoa indartzen du. Ostiral, larunbat eta igandeko emisioei astelehen gaueko eskaintza gehitu zaie orain ETB kantxa saioan. Erremontari saioan gertatu den bezala, emakumezkoen pilotaren emozioa kantxan baleude bezala biziko dute ikus-entzuleek, frontoian gertatzen den guztiaz gozatuz: jokoa, jokalarien eta euren coachen arteko harremana, elkarrizketak…

Plazandreak programak esperientzia eta gazteria uztartuko ditu. Torneoko bederatzi partaideen artean, momentuko pilotari onenak eta kirol honetako promesa gazteak daude. Jokalariak hiru taldetan banatuta egongo dira, bakoitza bere kapitainarekin: Erlantz García Amaia Aldai, Leire Garai eta Uxue Osesen coach-a izango da; Olatz Arrizabalaga, Madalen Etxegarai eta Nora Mendizabalek Mikel Inuntziagaren esanak jarraituko dituzte eta, azkenik, Reyes Azkoitia Miren Larrarte, Miriam Arraiza eta Andrea Capellanek osatutako taldearen buru izango da.

Txapelketak iazko egiturari eusten dio; jardunaldi bakoitzean hiru partida jokatuko dira, hamabi tantora: banaka lau t ‘erdian, binaka eta berriro eskuz esku kaiolan. Irabazitako partida bakoitzeko puntu bat emango da eta sailkapena garaipenen batuketarekin osatuko da.

Coachen figura garrantzitsua izango da, euren joko estrategiek euren taldeak txapelketan izango duen bilakaera zehaztu baitezakete. Baina araudian aldaketa esanguratsu bat egin da: banakako lehen partida jokatzen duen pilotariak binakakoa jokatzeko aukera izango du, baina ez hirugarren partida buruz burukoa. Horrela, programa erakargarriagoa eta orekatuagoa izatea lortu nahi da.

Laboral Kutxa Plazandreak txapelketa Amorebieta-Etxanoko pilotalekuan jokatuko da, ekainaren 21etik abuztuaren 2ra, ligaxkako sei jardunaldirekin eta finalarekin. Plazandreak astelehen gauetan izango da ikusgai, 22:20ean, ETB-1en eta eitb.eus-en; Maitane Urbieta Euskadi Irratiko kazetariak aurkeztuko du. Berarekin batera, Ane Muruamendiaraz ETBko kirol erredakzioko kidea eta Gentzane Aldai eta Ane Arteaga pilotariak izango dira.