EHUk Gipuzkoako hezkuntza eskaintza sarean aurkeztuko du

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) sareko informazio jardunaldiak egingo ditu abenduaren 9tik 17era bitartean, Gipuzkoako campusaren bidez, hezkuntza eskaintza aurkezteko. Saio guztiak irekiak izango dira eta 18:30ean hasiko dira. Hain zuzen, abenduaren 9an (gazteleraz), 10ean (euskaraz), 14an (gazteleraz), 15ean (euskaraz), 16an (gazteleraz) eta 17an (euskaraz) izango dira jardunaldiak, EHUk jakinarazi duenez.

Jardunaldien helburua da EHUren eta etorkizuneko unibertsitate ikasleen arteko lehen harremana bideratzea. Era berean, unibertsitateari buruzko informazio orokorra emango da saiootan, eta etorkizuneko ikasleek gogoko dituzten unibertsitate ikasketen gainean erabakiak hartzeko unean uneko zalantzak argitu eta galderak erantzungo dira.

Batxilergoko eta Goi Mailako Heziketa Zikloetan matrikulatutako ikasleentzat eta beren gurasoentzat, 25 eta 45 urtetik gorakoentzako sarbide probak egingo dituzten ikasleentzat, eta orientazioan edo irakaskuntzan diharduten eta EHUri buruzko informazio orokorra jaso nahi duten guztientzat dira jardunaldiak.

Saioetan parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea, eta aurreikusitako edozein saiotara konekta daiteke esteka honetan: https://eu.bbcollab.com/collab/ui/session/guest