EUSKAL ZINE BILERA 2022

Aurten 45 urte beteko ditu jaialdiak eta sekula baino arrazoi gehiago dituzte Lekeition zineaz gozatzen jarraitzeko. Euskal Herrian mantentzen den jaialdi zaharrena da, eta euskara hutsez egiten den bakarra Euskal Herriaren hegoaldean behintzat.

Euskal Zine Bilerak hiru norabidetan garatzen du bere lana: Euskarazko zinema SORTUz, Euskararen zinema PARTEKATUz eta Euskal Zinemagintzarekin SARETUz. Hiru bideetan zehar abiatzen da, beraz, EZBren misioa.

Aurtengoa jaialdia intentsoagoa izango da, egun gutxiago baina edukiz betea. Berez garenarekin berriz konektatzeko tarte bat hartu nahi dute berriro. Euskal Zinemaren Herriarekin lotu nahi dira berriz eta zinemara joateko ohiturari balorea eman. Eta, horretarako, indar guztiak harremanetan inbertituko dituzte aurten eta “bilera” izaera bereziki sendotuko dute. Amateur zein profesionalen arteko harremanak, herritarren eta herrira etorriko direnen artekoak, zinema eta Lekeitioren artekoak. Horregatik, jaialdia, esperientzia eta bizipen berezia izaten jarraitzea da aurtengo helburu nagusia.

Urriaren 20tik 23ra Euskal Zine Bilerak, euskarazko ikus-entzunezkoen markoaren barnean aurkitzen diren eragileekin lanean jarraituko du, bertan aurkitzen diren profesional, amateur edota zaleen errealitateak hobeto ezagutzeko eta interesa izan ahal duten pertsonak erakartzeko.