2022an Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, Errusiaren okupaziopean bizi direnak errepresalia bortitzak jasateko arriskuan daude, Ukrainako irakaskuntzarekin jarraitzen saiatzeagatik. Hori dela eta, guraso batzuek seme-alabak ezkutatzea erabaki dute, inbaditzaileak ezarritako “berreziketako” erakundeetara eraman ez ditzaten, Errusian adopzioan eman ez ditzaten edo Errusiako ikasketa-plana darabilten eskoletan matrikulatzera behartu ez ditzaten, Amnesty Internationalek egindako ikerketa berri baten arabera. Egoera kezkagarri honek Ukrainako milaka haurrei eragiten die.
Amnistia Internazionalak bere ikerketa egin du Errusiaren okupaziopean bizi ziren edo bizi diren eskola-adineko seme-alabak dituzten 16 familiarekin eta 23 profesionalekin, eta dokumentatu du Errusiak Ukrainaren aurka egindako eraso-gerrak irakaskuntzaren etenaldi nabarmena eta orokorra eragin duela Ukrainan. Errusiak okupatutako lurraldeetan, larderia eta hertsapena eguneroko errealitatea dira familientzat, haurrentzat eta irakasleentzat. Inor ez dago salbu Errusiak Ukrainan egin duen beldurrezko kanpaina amaigabearen pean”, adierazi du Anna Wright Amnistia Internazionaleko ikertzaileak.
Errepresaliak jasateko arriskuan, okupaziotik hilabete gutxira, irakasle eta guraso batzuk saiatu ziren Ukrainako ikasketa-planari jarraituz ikasleen eskolatzea antolatzen. Irakasleak, gurasoak gerrillari bihurtu ziren, eta zuloak egiten zituzten lorategietan ordenagailu eramangarriak eta telefono mugikorrak ezkutatzeko, edo ganbaretan eta estalpe zaharretan ezkutatzen ziren telefono-seinalea atzemateko.
Okupatutako eremuetako irakasleek errusiar planaren pean eskolak eman behar dituzte berriro. Haietako askok ezetz esan zuten, eta ezkutatu egin ziren ez espetxeratzeko edo Errusiara ez deportatzeko. Era berean, haurrak doktrinatzen saiatzen dira errusiar propagandarekin eta izuaren bidez, eskoletan askotan militar armatuak egoten baitira eta txikiak umezurztegi errusiar batera bidaliko dituztela mehatxu egiten diete, “berriz hezteko”.
Lekukoak lurralde okupatuan
Hanna eta Olena irakasleak ziren Karkoven; beren eskoletako zuzendaritzaren oharrak jaso zituzten, lanera itzultzeko eta Errusiako ikasketa-plana emateko konbentzitzen saiatzen. Bi-biek uko egin zioten eta ezkutatu egin ziren. Olenak apartamentua utzi, eta bizilagun batzuekin bizitzera joan behar izan zuen, eta Hannak isilpean bizitzen jarraitu zuen bere etxean, Errusiako okupazio agintariek banatutako laguntza humanitarioa jasotzeko izena ez ematearren.
Uliyanak, eskolako liburuzainak, Amnesty Internationali esan zion isilpean geratzen zela ikasleekin liburuak emateko, nahiz eta bere herriko kaleetan armadaren patruilak egon, erregistro arbitrarioak egiten.
Guraso batzuek seme-alabak ez eskolatzea erabaki zuten, haien segurtasuna babesteko. Polinak bi seme-alaba ditu, eta esan zuen kasik ez zirela etxetik irten errusiar okupazioak iraun zuen bederatzi hilabeteetan, Errusiara eramango zituzten beldur.
Horiek bezala, haur, irakasle eta familia kezkatuen historia amaigabea da, eta, gaur egun, ziurgabetasuna eta beldurra bizitzen jarraitzen dute. Zer gertatuko da haurren hezkuntzarekin eta osasunarekin?
Gatazkaren amaiera ez dirudi oraindik hurbil dagoenik, eta, beraz, panorama ez da batere itxaropentsua Ukrainako haurrentzat. Haien eskubide oinarrizkoenak kolokan daude oraindik.