Ibon Arrizabalaga de Mingo oriotarra da Bai Euskarari Elkartearen zuzendari berria

Orain arte zuzendari izan den Rober Gutiérrezek Bai Euskarari proiektua utzi du, eta haren lekua Ibon Arrizabalaga de Mingok hartu du (Orio, 1973).
Arrizabalaga Arte Ederretan lizentziaduna da, baina beste esparru batzuk landu ditu bere ibilbide profesionalean. Azken 20 urteetan, sexu hezkuntza, hezkidetza eta tratu onen kultura ardatz dituen Arremanitz kooperatibako kide izan da. Bai Euskarari Elkartea zuzentzeko erronka “pozik” eta “arduraz” hartu du.
“Lan eta bizi euskaraz” blogerako elkarrizketan, Bai Euskarari proiektuari buruzko hainbat gai azaltzen ditu. Euskara hasieratik egon da Agirrezabalagaren interes eta pasioen artean. “Lan eta bizi euskaraz” elkartearen leloa da, eta berarena ere horixe da. Izan ere, ez du lan egin nahi euskaraz ez bada; gainera, oso gako garrantzitsua aipatzen du: “Euskaraz bizi nahi badugu, ezinbestekoa izango da lan mundua euskalduntzea”. Horregatik, horrelako elkarte eragile batean txertatzea erronka motibatzailea da berarentzat.

Bai Euskarari Elkartea

Bai Euskarari Elkartearen helburua lan munduan euskararen erabilera sustatzea da. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi zuen bere ibilbidea, eta lan munduan euskaraz eroso lan egiteko proiektuak eskaintzen ari dira. Proiektu propioak sortu dituzte (Ziurtagiria, Enpresarean, Lansarean, Euskaragileak, “Elkar Ikasiz” solasaldiak…), beste batzuetan laguntzen dute (Lazarraga Sariak, Euspot Lehiaketa, Beterri-Saretuz, etab.) eta hainbat erakunderi zerbitzua ematen hasi dira (Arabako Enpresen Foroa, Euskara Langai, etab.).
Elkartearen eta, bereziki, Ibon Arrizabalagaren lehendabiziko erronka eustea da. Hau da, ahalik eta gutxien igarri dadila aldaketa bat egon dela. Kontuan hartu behar da, era berean, lan munduan euskararen erabilera areagotzeko abiapuntua ez dela bat ere aldekoa. Gainera, oldarraldia ere bete-betean ari da esparru guztietan, eta euskalgintzatik, erakunde eta gizarte guztiarekin batera, batasuna egituratu beharko dute Bai Euskararekin batera. Zubi-lana egin dezake eragile ezberdinen artean, eta konexio horiek norabide berean egituratzea erronka handia da.
Beste erronka bat lurraldetasuna da. Bai Euskarari Elkarteak Euskal Herri osoan eragiten du, baina nahiko desorekatua dago Elkartearen irismena. Ahalegin berezia egin nahi dute Ipar Euskal Herrian, Euskal Erakunde Publikoarekin lehenengoz sinatu duten hitzarmena ere baliatuz. Bizkaian ere ez da haiek nahi duten mailan ageri Elkartearen lana, eta hor jarraitu beharko dute zer bide jorratu ikusten, Bizkaia merezi duen neurrian agertzeko Euskararen Mapan.